
Atzo Baionan egin zuten aurkezpenean, nazio mailako egitura dela aldarrikatu zuen Harrera elkarteak, errefuxiatu eta preso ohien sostenguarekin. Arreta maila ezberdinak bideratuko ditu, eta horretarako gizarteko arlo guztien laguntza bilatuko du.
Euskal Herrian abian den bake prozesuaren testuinguruan sortu den elkarteak gatazkaren eraginak pairatu dituzten pertsonak gizarteratzeko modu duinak atzematen lagundu nahi du. Aldi berean, gatazkaren konponbiderako tresna bat gehiago ere izan nahi du Harrerak.
Elkartearen beharra nabarmenduz, administrazio kontseiluko Gabi Mouescak jakinarazi zuen atzoko aurkezpena egin baino lehen jadanik hamar pertsona baino gehiago laguntza eske hurbildu direla: «Preso ohi batzuk etorri dira jada, paperekin problemak dituztelako, osasun arazoak dituztelako eta etxearen beharra dutelako. Lana hasi dugu ofiziala izan baino lehen, eta heldu den egunetan jende anitz etorriko dela uste dugu».
Euskal Herriko gizarteko eragile guztiekin lan egitea du xede elkarteak, horregatik sostengua ekartzen ahal duten guztiak beraiekin elkartzera deitzen dituzte. Euskal gizarteko eragile ireki gisa aurkeztu zuen Mouescak: «Harrera gure gizarteko elkarte gisa aurkeztua da, ez abertzale gisa. Jada gurekin lanean ari dira abertzale sentitzen ez diren pertsonak, baina gizarteko kide izanik bake prozesuan laguntzeko prest direnak».
Partaide horien guztien artean arlo askotako profesionalak ari direla nabarmendu dute elkarteko kideek: «Orain arte militanteek egiten zuten lan hori, baina orain gure artean badira profesional eta profesional ohiak eta hori ere inportantea da».
Azken urteetan Ipar Euskal Herrian militanteek edo Anai Artea bezalako elkarteek egin izan duten lanaren bilgune antolatua izan nahi duela azaldu zuen Saroia Galarraga diruzainak: «Iparraldean egiten zen laguntza bildu nahi izan dugu, ongi egituratu eta orain elkarte gisa diru laguntzak eskatu ofizialki».
Diru iturri ezberdinak bilatuko ditu elkarteak. Erakunde publikoei diru laguntzak eskatuko dizkiete. Bestalde, finantziazio pribatuari ere dei egiten diote, bazkidetuz edo diru eskaintzak eginez parte har dezan. Produktu ezberdinen salmentaren bitartez ere dirua lortzea espero dute.

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

