NAIZ.INFO
IRUÑEA | BILBO

Enpleguaren alde bat egin dute Iruñean eta Bilbon herritarrek eta 200dik gora langile komitek

Tokian tokiko eta lantoki bakoitzeko gatazken salaketek bat egin dute gaur arratsaldean Iruñean eta Bilbon izan diren manifestazioetan. «Enplegua defenda dezagun» lelopean eta norberaren lan gatazkaren salaketa adierazten zuten pankarten atzean elkartu dira herritarrak.

UPNri zuzendutako mezuak nagusitu dira Iruñeko enpleguaren aldeko manifestazioan. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)
UPNri zuzendutako mezuak nagusitu dira Iruñeko enpleguaren aldeko manifestazioan. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)

Bateko eta besteko lan gatazkek bat egin dute euren aldarrikapenean gaur Iruñean eta Bilbon. 200dik gora langile komitek egindako deialdiari erantzunez eta «Enplegua defenda dezagun» lelopean jende andana elkartu da bi hiriburuetan.

Tokian tokiko gatazkak abiapuntu hartuta protesta bateratzea zuten helburu ‘Langile batzordeak borrokan’ ekimenaren baitan elkartu diren langile komiteek eta hala egin dute.

Lakuako eta Iruñeko gobernuei mezua helarazi diete antolatzaileek: «gaur hemen, gizartea, ezetz esaten ari da patronalaren mesedera egindako politikei, enplegua suntsitzen duten politikei». Gaurko batera jotzearen ostean lantokiz latoki eta herriz herri lan egiteko deia egin dute antolatzaileek.

Babes itzela jaso dute gaurko Iruñeko eta Bilboko manfiestazioek. Berrehundik gora langile komiteren babesaz gain sindikalgintza eremutik ordezkaritza zabala izan da. Bilboko kasuan, manifestazioan parte hartu dute Damaso Casado (UGT), Unai Sordo (CCOO) eta Ainhoa Etxaidek (LAB), besteak beste.

LABeko idazkari nagusiak langileen protesta goraipatu du eta salaketa zuzena gobernuen eta enpresarien aurka: «gobernuak patronalaren zerbitzura ari dira jartzean erreminta guztiak, enpleguaren suntsiketa ez dadin izan azken aukera, bere enpresa berregituratu nahi duen enpresariarentzat lehen baliabide izan dadin baizik».

Lakuako Gobernuak aurkeztu berri duen enplegu plana ere kritikatu du Etxaidek, «langileen inteligentziari iseka egitea da lan astea luzatzea eta aste berean enplegua sortuko duzula esatea». Etxaideren arabera «lehen neurria enplegua suntsitzeari uztea» izan beharko litzateke.