Maider Iantzi
Andoain

Martin Ugaldeko langileek eramanen dute lehendabizi Korrikako lekukoa

Martin Ugalde Kultur Parkeko langileek eramango dute Korrika 18ko hasierako lekukoa. Haiek abiatuko dute ibilbidea, ‘Eman euskara elkarri’ leloa Euskal Herri osora zabalduko duena.

Velte, Brouard eta Balda, lehen lerroan, lehen eguneko egitaraua aurkeztu dutenean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Velte, Brouard eta Balda, lehen lerroan, lehen eguneko egitaraua aurkeztu dutenean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Ostegun honetan bertan abiatuko da Korrika 18, eta lehen egunean Andoainen izanen den egitarau betea aurkeztu du Unai Balda koordinatzaileak. Goizean goizetik Korrika txikiarekin hasi eta gauean Skasti eta In go al deu taldeen kontzertuekin bukatu arte ez da bestarik faltako herri honetan. Triki-poteoa izanen da eguerdian, 15.00etan Goiko Plazatik denak batera kultur parkera joateko deialdia egin dute, 16.00etan eginen dute hasiera ekitaldia eta ordu erdi geroago iritsiko da momentu gorena, lasterketaren hasiera.

Edurne Brouard Korrika 18ren arduradunak bi izen handi ekarri ditu gogora, hasteko: Martin Ugalde eta Joxemi Zumalabe. 1993an Ugalde izan zen ekimen handi honetako omendua. Orduan, berak egin zuen, bere biloba zaharrena lagun, azken kilometroa, Bilbon. Hogei urte geroago, bere izena duen euskalgintzaren erreferentea den gunetik hasiko da lasterketa. Urte horretan hil zen Zumalabe, eta haren oroimenez, emazte eta seme-alabek ere egin zituzten azken urratsak, eta lekukoaren barrenean bide osoa egin zuen Zumalaberen idatzi bat irakurri zuen Ugaldek.

«Biak ala biak, ‘Euskaldunon Egunkaria’ren sortzaile eta sustatzaileak izan ziren eta duela hamar urte ‘Egunkaria’ itxi ziguten arren, ez gintuzten isildu, ez horixe. ‘Berria’k hamar urte bete ditu jada: Martinek eta Joxemik erein zuten hazia etengabe loratzen da», azaldu du Brouardek.

Petoak soinean, Euskal Herri osoan ‘Eman euskara elkarri’ deiadarra zabalduko duen lasterketako lehen kilometroa eginen duten lagunak agertu dira atzo prentsaren aitzinean, Martin Ugalde parkeko langileak, hain zuzen. Haien izenean, Samara Velte ‘Berria’ko ordezkari gaztea mintzatu da eta, ohore handiz, euskararen normalizazioaren alde egunero egiten duten lana erakusten saiatuko direla adierazi du.