@iraiaoiarzabal
AZPEITIA

Corrugadosek Azpeitian duen lantegia ixteko erabakia aspalditik datorrela salatu dute langileek

Haserrea eta etsipena dira nagusi Corrugados Azpeitia enpresako langileen artean. Gallardo taldeak ostegunean eman zuen ezagutzera lantegia ixteko erabakia, 300 lanpostu zuzen eta zeharkako 100 suntsituz. Erabakiak, ordea, ez ditu langileak harritu, ia bi urteko gatazkaren ostean Gallardoren asmoa ixtea zenaren susmoa baitzuten.

Corrugadoseko langileek enpresa ez ixteko aldarrikatu dute Azpeitian. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Corrugadoseko langileek enpresa ez ixteko aldarrikatu dute Azpeitian. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Enpresaren aurrean egindako agerraldi batean, itxiera aurreikusteko arrazoi ugari zeudela jakinarazi dute Corrugadoseko langileek. Besteak beste, nominak eta iazko zorrak ordaindu gabe zeudela, hornitzaileek ez zerbitzatzeko agindua zutela, bukatutako produkzioa enpresatik atera zutela, akordioa egon arren negoziaketak itxi gabe zeudela edota enpresako aktibitatea soilik sei hilabeterako bermatu izana.

Ostera, ixteko erabakia hartzera bultzatu duen faktore garrantzitsu bat dagoela ohartarazi dute. Izan ere, aste honetan Azpeitiko zuzendaritzak euren kontratuak desegiteko eta urteko 45 eguneko indemnizazioa kobratzeko eskaera sartu du.

Ondorioz, Azpeitian konfiantzazko zuzendaritza ez duelakoan, Getafeko lantegiaren aldeko apustua egiten duela jakinarazi du Gallardok.

Langileen ustez, enpresak «fede txarrez jokatu du, aurrekoetan bezala», diruzaintza aldetik isolatuta egon arren eta produkzioa Azpeititik kanpo izanda ere, negoziaketak luzatu baititu lantegian zegoen txatarra guztia urtu eta korrugado barra ateratzeko.

Erakundeen inplikazioa

Gallardoren erabakiak funtsik ez duela salatu dute langileek eta enpresak oraindik ere merkatua baduela aipatu. «Gallardok 300.000 tona bermatzen ditu eta Gipuzkoako Diputazioak egindako gestioei esker 150.000 tona ekoizteko aukera sortu da», azaldu dute. Lan karga hau itxiera atera botatzeko nahikoa delakoan daude, Gallardok ordea, «Espainiaren aldeko hautua» egin du.

Itxiera espedientea hurrengo asteetan jasotzea espero dute langileek. Bitartean mobilizazioekin jarraituko dute eta instituzioekin biltzeko tramiteak ere hasiko dituzte. Ildo horretan, itxieraren kontra inplikatzeko deia egin diete Gipuzkoako Diputazioari eta Lakuako Gobernuari.

Lakua, «harrituta»

Lakuako Gobernuak «harridura» agertu du lantegi ixteko erabakiaren aurrean. Ohar baten bidez jakinarazi duenez, azalpenak eskatuko dizkio Gallardori, aurretik ez dielako ezer jakinarazi erakundeei.

Gipuzkoako Aldundiaren ustez, «bidegabea»

Gipuzkoako Foru Aldundiak Azpeitiko lantegia ixteko erabakia bidegabetzat jo du eta Aldundiaren aldetik, sei hilabeterako lan karga bermatuko zuen proiektu bat eskuartean zutela jakinarazi du.