NAIZ.INFO
GASTEIZ

Arabako ustezko espioitza kasuko inputatuak errugabe jo dituzte

Arabako Auzitegiak absolbitu egin ditu ustezko espioitza politikoaren auzian nahastuta zeuden Aitor Telleria buruzagi jeltzalea eta bi ertzainak. Fiskaltzak lau urteko espetxe zigorra eskatu zuen haientzat.

Hiru inputatuak, haien aurka egindako epaiketako irudi batean. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)
Hiru inputatuak, haien aurka egindako epaiketako irudi batean. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

Arabako Lurralde Auzitegiak Aitor Telleria burukide ohia eta harekin batera auzipetuta zeuden bi ertzainak errugabe jo ditu.

Hiru inputatuei sekretuak etengabe urratzea leporatzen zien Fiskaltzak, eta lau urteko espetxe zigorra eskatu.

Afera hau 2010. urtean hasi zen, ‘De Miguel’ auziaren baitan Poliziak Telleriaren bulegoa miatu zuenean eta haren ordenagailuan hainbat politikariri, enpresabururi eta Arabako beste hainbat pertsonari buruzko informazioa aurkitu zutenean.

Fiskalaren bertsioaren araber,a, auzipetutako ertzainek akordioa egin zuten Telleriarekin, eskura zuten zenbait informazio helarazteko.

Epaiketan zehar, halere, burukide ohiak esan zuen iristen zitzaizkion informazioak «jakinak zirela» eta «txotxolokeriak» zirela. Gainera, ziurtatu zuen berak ez zuela inolako txostenik egiterik agindu. Esan zuenez, iturri «anonimoen» bitartzen jasotzen zuen informazioa eta, asko jota, berak «ebaki eta kopiatu» baino ez zuen egiten.

Ertzainek, aldi berean, ukatu egin zuten pertsonaia publikoen inguruko informazio sekretua inori igorri izana.