Naiz.info
Bergara

«Inposaketei» aurre egiteko eskatu dute atez atekoaren kontra Bergaran egindako manifestazioan

Bergara Garbia plataformak deituta, bosgarren edukiontziaren alde eta atez ateko hondakin bilketa sistemaren aurka manifestazioa egin dute Bergaran. «Inposaketei» aurre egiteko eskatu dute.

Manifestazioaren burua, Bergarako kaleak zeharkatzen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Manifestazioaren burua, Bergarako kaleak zeharkatzen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

‘Bosgarren edukiontziari bai. Atez atekoari ez!’ lelopean, arratsaldeko 19.15ean abiatu da manifestazioa. Pankartaren erdian, hondakin bilketa sistema horren aurka bildutako 4.691 sinadurak –Bergarako biztanleriaren herena– ere agerian utzi dituzte.

Manifestazioa isila izan da momentu gehienetan, baina ibilbidean zehar atez atekoaren kontrako hainbat ohiu bota dituzte manifestariek.

Legazpiko bizilagunak ere Bergaran izan dira. Herritarrei hitza ematea aldarrikatu dute eta atez atekoaren kontrako plataformak hilaren 20an eta 21ean deitutako galdeketa ekarri dute gogora.

Manifestazioaren amaieran irakurritako manifestuan, Gipuzkoako Aldundiari leporatu diote «adin txikikoak balira bezala tratatzea» eta, birziklatzearen alde daudela esan dute, baina hondakinak «orain arte bezala bota nahi ditugu».

Halaber, atez atekoa sistema «garestia» eta «ez eraginkorra» dela ohartarazi dute.

Bilduk gehiengo osoa du Bergarako Udalean, baina herritarren artean aurkari ugari sortu ditu sistema berriaren abiatzeak.

Eztabaida bizia sortu da herrian, eta balkoi askotan zabor poltsak zintzilikatu ditute azken asteetan atez atekoaren kontrako salaketa gisa.

Egoera horren aurrean, adostasunerako deia luzatu zuen pasa den astelehenean EH Bilduk eta berziklatze tasa berberak edo hobeak emango dituen alternatibak ikertzeko prest dagoela nabarmendu.