NAIZ.INFO
BILBO

Iñigo Cabacasen heriotzaren inguruko «joko zikina» amaitzeko hainbat ekimen aurkeztu dituzte

Iñigo Gogoan plataformak ‘Iñigo Cabacas: Crónica de una herida abierta’ dokumentala hizkuntza ezberdinetara itzultzea proposatu du eta, era berean, Gasteizko legebiltzarreko talde guztiekin bira bat abiarazteko nahia iragarri du, gaztearen heriotzaren inguruko «joko zikinarekin» amaitu asmoz.

Iñigo Gogoan herri ekimenak Bilbon egin du agerraldia. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)
Iñigo Gogoan herri ekimenak Bilbon egin du agerraldia. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)

Iñigo Gogoan herri ekimenak prentsaurrekoa eskaini du gaztearen heriotza eman zenetik urte bat baino gehiago igaro den honetan haren aldeko ekimenen berri emateko. Ekimenaren ustetan, geroz eta jende gehiago aurkitzen da «nazkatuta» gaiarekin, horregatik, «joko zikinarekin» amaitu nahi dutela azaldu dute.

Vania Sanmartin eta Urtzi Ostolozagak hartu dute hitza eta Ertzaintzak oraindik gomazko pilotak erabiltzen dituela salatu dute, baita identifikazio zenbaki agerikorik gabe ibiltzea eta aurpegia estalita eramatea. «Zer gehiago pasa behar da ba?», bota dute galdera.

Gauzak horrela, ‘Iñigo Cabacas: Crónica de una herida abierta’ dokumentala auzolanean hizkuntza ezberdinetara itzultzeko nahia azaldu dute. Era berean, dokumentalaren aurkezpen eta hitzaldi birak antolatzen ari direla aurreratu dute.

Bestetik, polizia ereduaren inguruko eztabaida gizarte zibilari zabaltzaea lehentasunezkoa dela uste dute. Horregatik, eztabaida hori Gasteizko legebiltzarrera eramateko apustua egin dute eta bertan aurkitzen diren talde guztiekin bilera bira bat egiteko asmoa azaldu dute.