Kontsumorako Prezioen Indizeak (KPI) gora egin du Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan maiatzean, aurreko hilabetearekin alderatuta, INE estatistika institutu espainolak zabaldu duenez.
Igoera %0,1ekoa izan da Bizkaian eta Gipuzkoan; %0,2koa Araban eta %0,3koa Nafarroan.
Azken hamabi hilabeteotako eboluzioari erreparatuta, inflazio tasa hazi egin da lau herrialdeetan. Tasarik altuena Gipuzkoak du, %1,9koa, aurreko hilabetetik lau hamarren hazi da.
Bizkaian urte arteko inflazioa %1,8koa da, apirilean baino bi hamarren handiagoa.
Nafarroan %1,7ra igo da tasa, aurreko hilabetean baino lau hamarren gehiago.
Araban daukate tasarik baxuena, %1,4koa. Herrialde horretan ere lau hamarren hazi da.
INEren arabera, KPIren igoeran eragin duten faktoreak elikagaien prezioen garestitzea eta erregaien prezioak iazko maiatzetik hona gutxiago merkatu izana dira.