NAIZ.INFO
GAZA HIRIA

Israelgo Armadak Gaza bonbardatu du, bertatik jaurtitako suziriei erantzunez

Israelgo Armadak Gazako zerrendako hainbat punturi eraso egin die, aurrez bertatik eremu israeldarrera milizia palestinarrek jaurtitako suziriei erantzuteko.

«Israelgo Indar Armatuak azpiegitura terroristari eraso egin dio, hain zuzen Gazaren erdialdean dagoen arma biltegi bati eta hegoaldean dagoen suziriak jaurtitzeko gune bati», baieztatu du Armada israeldarraren bozeramale batek.

Momentuz, ez dago kalte materialen edota balizko biktimen inguruko informaziorik.

Armada hebrearrak jakinarazi duenez, bart Gazatik Israelera jaurtitako bi suziriri erantzuteko egin dute erasoa.

Orotara, lau suziri jaurti ziren, bi Israelen babes sistemak gelditu zituen, eta beste biek eremu israeldarrera iristea lortu zuten. Ez zuten inolako kalterik eragin.

Bonbardaketa egiteaz gain, Israelek Kerem Shalon muga-postua itxi egin du. Gazara elikagaiak eta bestelako produktuak sartzeko erabiltzen da pasabide hau.