Naiz.info
Donostia

Igeldoarren borondatea errespetatzea eskatu du EH Bilduk

Ainhoa Beola, EH Bilduko ordezkariak dei egin die EAJ, PSE eta PPri herri galdeketa «babestu» eta igeldoko bizilagunek libreki erabakitzen dutena onartzera.

Igeldon azaroan burutuko den herri galdeketaren harira, EH Bilduko ordezkari Ainhoa Beolak «urte luzez ekidin eta ezkutatu nahi izan den arazoari irtenbide justua» emango zaiola» adierazi du. «EH Bilduko kideok, ordezkari politiko eta donostiar gisa, igeldoarrek libreki erabakitzen dutena erabat errespetatu behar dugula uste dugu. Printzipio demokratikoek, herritarren borondatea errespetatzera behartzen gaituzte, kasu honetan ere. Prozesu hau guztia, elkarbizitza eta errespetu ariketa natural gisa ulertzen dugu. Ordezkari politikook, ez dugu inolako eskubiderik igeldoarrei haien borondatearen kontrako estatusa inposatzeko», azaldu du Beolak.

Ildo horretan PP, PSE eta EAJri herri galdeketa babestu eta igeldoko bizilagunek libreki erabakitzen dutena onartzera gonbidatu ditu.

Adierazpen hauek, EH Bilduko Donostian udaran zehar garatuko duen dinamikaren aurkezpenean egin ditu Ainhoa Beolak. Izan ere, azken bi urteotan Donostian burutu diren aldaketak herritarrekin baloratzea eta aurrera begira garatu beharrekoen gaineko ideiak biltzea izango da.

Horretarako, hondartzara eta auzoetara eramango dute EH Bilduren jaima berdea. Galdetegia prestatu dute, gai ezberdinen inguruan Donostian egin diren aldaketen gain herritarren iritziak biltzeko. Iraila bitarte mantenduko dute ekimen ibiltaria eta milaka galdetegi biltzea espero dute.