NAIZ.INFO
TOKYO

Fukushimako uraren erradiazio indizeak 47 aldiz egin du gora azken bost egunotan

Fukushimako zentral nuklearraren azpiko uraren erradiazio maila 47 aldiz igo da azken bost egunotan, erreaktoreen eta itsasoaren artean dauden putzuetako batetik hartutako lagin batek erakutsi duenez, ‘Asahi’ egunkari japoniarraren arabera.

Supervisores de la Agencia Internacional de la Energía Atómica en la planta de Fukushima. (AFP)
Supervisores de la Agencia Internacional de la Energía Atómica en la planta de Fukushima. (AFP)

Fukushimako zentrala kudeatzen duen TEPCO konpainia elektrikoak bildutako azken datuen arabera, lur azpiko uretan hartutako laginek erakusten dute erradiazio maila handia dela, 56.000 becquerel ur litroko, hain zuzen.

Iragan uztailaren 23an onartu zuen TEPCOk, 2001ko martxoan izandako krisi nuklearretik lehen aldiz, kutsatutako ur hori itsasora igarotzen ari zela.

Hori ekiditeko, Tokyo Electric Power konpainiak zentralaren sotoetan lurpeko hesi batzuk eraiki ditu, eta ur erradiaktibo hori ponpatzen hasi da, depositoetan gordetzeko.

Hasiera batean TEPCOk hil honen bukaeran hasi nahi zituen ur hori drainatzeko lanak, baina prozesua aurreratu behar izan du, kutsadura mailaren etengabeko igoera dela-eta.

Momentuz, zentral nuklearreko teknikoek ez dakite zergatik igotzen ari den horren azkar erradiazio maila.

Fukushimako katastrofea jazo zenetik, 3.500 lagun inguruk lanean jarraitzen dute krisi atomikoa behin betiko amaitutzat emateko. Lan hori 30 edo 40 urtez luzatuko dela espero da.