NAIZ.INFO
IRUÑEA

Martxan den Inasa enpresaren desalojoa eragozten laguntzeko deia egin dute

Goizeko lehen orduan hainbat kamioi iritsi dira Irurtzungo Inasa enpresatik makinak ateratzeko intentzioarekin. Langileek bertaratzeko urgentziazko deialdia egin dute, enpresaren desalojoa eragozten saiatzeko. Guardia Zibila ere bertan da eta tentsio uneak bizi izan dira.

Tentsio uneak bizi izan dira Inasan. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Tentsio uneak bizi izan dira Inasan. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Goizeko zortziak inguruan, hainbat kamioi iritsi dira Irurtzungo Inasa fabrikara, bertatik makinak ateratzeko asmoz. Guardia Zibila ere bertan da.

Langileak enpresa atarian daude, enpresaren hutsaraztea ekiditen saiatzeko.

Egoeraren larritasuna ikusirik, LAB sindikatuak eta enpresako langileek urgentziazko deia egin dute, Inasako hutsaraztea ekiditeko laguntzeko.

Eguerdian, ehunka lagun inguruan zirela, agerraldia egin dute langileek, enpresa eta enplegua defendatzeko «beren esku dagoen guztia» egingo dutela adierazteko.

Era berean, Nafarroako Gobernuari deia egin diote, interes partikularren gainetik jokoan dauden ehun lanpostuak defenda ditzan.

Talde inbertsorea egonda aurrerapausorik ez ematea «bidegabekeria» dela gogor salatu dute.

Hori dela-eta deialdi berezia egin dute Inasa babesten laguntzeko, eta arratsaldeko zazpietan egingo den manifestazioan parte hartzeko.

Bi atxilotu

Prentsaurrekoa bukatuta, langileak fabrikara sartzen saiatu dira, eta hamarka batzuek lortu egin dute.

Tentsio uneak bizi izan dira. Guardia Zibilak bertan zeuden langileak kolpatu ditu, eta bi lagun atxilotu ditu, tartean Gorka Mayo. Geroxeago libre utzi dituzte.

Pertsona bat ere zauritu egin da. Guardia Zibilak ez zion fabrikatik irteten utzi nahi, baina azkenean anbulantzian eraman dute, bi orkatilak hautsita.