NAIZ.INFO
Bilbo

Ikurrinari omenaldia egin diote Bilboko Konpartsek

Arriaga plazan elkartu dira arratsaldean Bilboko Konpartsek deituta Aste Nagusiko ordezkari nagusiak. Bertaratutakoek babesa modu oso berezian Jone Artola txupinerari eskaini diote. Independentistak sareak ere parte hartu du aurten ekimenean eta kalejira berdea izan da omenaldiaren ostean.

Marijaia eta txupinera ikurrinari omenaldian, atzean euskal ikurra. (ARGAZKI PRESS)
Marijaia eta txupinera ikurrinari omenaldian, atzean euskal ikurra. (ARGAZKI PRESS)

Urteroko zita da, jada, Bilboko Konpartsentzat ikurrinari omenaldia. 18.30 inguruan ehunka herritar elkartu dira Arriagako plazan euskal ikurra omentzeko. Plazan nagusitasuna daraman hagara altxa dute kolore zuri, berde eta gorriko ikurra eta kolore bereko puxikak aireratu dituzte.

Ekitaldiaren hasieran eta amaieran bertaratutakoen babesa jaso du Jone Artola txupinerak. Bere izendapenaren inguruan sortu den ika-mika guztiagatik elkartasuna adierazi diete gerturatutakoek besarkada artean. Asko izan dira bera alboan hartuta argazkia egin nahi izan dutenak ere.

Aurten Independentistak sareak ere bertaratzeko deia egin die herritarrei eta bertan ikusi dira sare honen zapi berdeak ere eta «ikurrinaren benetako esanahia» lau hazietara zabaltzeko deia egin dute. Omenaldia amaitu ostean ‘kalejira berdea’-n antolatu dute independentistek Areatzan eta Alde Zaharrean.