Amagoia Mujika (GAUR8)

Xenderak proiektua: Maitasun bideetan bat

Fleury-A Lama. Bi kartzela eta 1.700 kilometro, bizikletaz. Xenderak proiektuaren maitasun bidea da hori, baina Euskal Herrian beste hamarnaka bide marrazten dira astebururo urrunegi dauden kartzeletara. Denak dira maitasun bidaia handiak.

Ainara Balenciaga eta Iñaki Landa. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)
Ainara Balenciaga eta Iñaki Landa. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)

Donostian egin dugu hitzordua. Dagoeneko 1.000 kilometro egin dituzte. Atzean utzi dute Paris, eta orain Finisterre daukate begietan hartuta. Iñaki Landak eta Ainara Balenciagak bizikleta gainean egingo dituzte 1.700 kilometro, Xenderak deitu duten proiektuaren baitan.

Bideak baditu berezitasunak: preso dauden bi lagun, Asier Bengoa eta Iker Zubia; bi kartzela, Fleury eta A Lama; eta tartean dispertsioak sortzen duen ezinegonari buelta emateko borondatea. Fleuryko kartzelatik A Lamakora soka bat daramate Landak eta Balenciagak, eta bertan zintzilikatzen ari dira bidean pilatu dituzten istorioak. Istorio txikiak dira, baina handiak aldi berean. Dispertsioaren itzalean euskaldunek urruneko kartzeletara egiten duten bidaia bakoitzean gertatzen diren kontuak dira. Askotan istorio txiki horiek zulo handiak sortzen dituzte presoaren senide eta lagunen sabelean. Xenderak proiektuak ez ditu min horiek bakarrik jaso nahi, batez ere bestelakoak bildu nahi ditu. Etxetik urrun etxean bezala sentiarazten zaituzten horien berotasuna, kartzelatik ihes egitea lortzen duten laguntasunaren apologiazko hitzak, 80 urte pasatxo dituen eta bisita batetik atera berri den emakumeari eskaintzen zaion kafearen usaina...

Sakabanaketa kolpe latza da Euskal Herriarentzat. Baina mugarik ez duen maitasun bidaia bat ere bada. Iñakik eta Ainarak 1.700 kilometroko ibilbide bat marraztu dute: Fleury-A Lama. Paristik, argiaren eta maitasunaren hiritik, Finisterrera, lurra bukatzen omen den tokira. Bada beste ibilbide mordoa, preso politikoak adina, baina denek daukate helburu berbera. Xenderak proiektukoek esaten duten bezala, «ilargian jarriko balituzte ere, bidaiak antolatuko genituzke bisitan joateko».

Uztailaren 23a, lehen egun aldrebesa

Iñaki Landa gasteiztarra da, eta Ainara Balenciaga, arrasatearra. Orion bizi dira eta gustuko dute bizikletan ibiltzea. Landaren bi lagun preso daude: Asier Bengoak ia zazpi urte daramatza Fleuryn, eta Iker Zubiak lau urte A Laman. Aurretik beste lau urte eginak zituen kartzelan. Urtean maiz egiten die bisita biei eta, udako planak egiterakoan, pentsatu zuten bi bisitak bizikleta gaineko bidaia batekin batzea. Hortik sortu zen Xenderak.

Uztailaren 23an Parisen hasi zen bidaia, nahiko aldrebes, gainera. Azken uneko eginbeharrak pilatu egin zitzaizkien, AntiguaBike dendan bizikletek gainditu beharreko azken azterketa espero baino gehiago luzatu zen eta, hori guztia gutxi balitz, Pariserako treneko txartelak etxean utzita abiatu ziren. «Eskerrak lagun batek berehala ekarri zizkigun», gogoratu dute.

Egoerak okerrera egin zezakeen, eta hala egin zuen. «Fresneseko mojen etxean genuen gaua erreserbatua baina, frantsesari esker, gaizki ulertuak tartean, La Santeko mojetan egin ziguten erreserba eta Moja etxe horretan ezin da bizikletekin sartu!». Izan ere, Estatu frantsesera bisitan joaten diren euskal herritar askok moja etxeetan hartzen dute ostatu. Espetxe inguruan egoten dira, eta beste senideekin egoteko modua eskaintzen dute.

Parisko Euskal Herriaren Lagunak taldearengana jo zuten orduan, «eta, beti bezala, eskuak zabalik hartu gintuzten. Telefono dei bakar bat eta Juan Salazarrek bere etxeko ateak ireki zizkigun. Tren geltokira etorri ziren gure bila eta Parisen barna bere etxeraino iritsi ginen bere autoa jarraituz. Sekulako harrera egin zigun eta benetan eskertzen diogu». Maitasun bidaia elkartasun keinu dotore batekin abiatu zen, beraz.

Iñaki Landak «ezinbestekoak» izena jarri die NAIZeko bere blogean Parisko Euskal Herriaren Lagunak taldeari, nahiz eta haiei, umiltasunak eraginda, ez gustatu.

Ezinbestekoak

Parisen, elkartasuna hitza Euskal Herriaren Lagunak taldeari lotuta dago nahitaez. Hogei bat lagunek osatzen dute taldea, erdia euskal herritarrak eta beste erdia paristarrak, eta beren egitekoa etxetik urrun daudenei etxean baleude bezala sentiaraztea da. «Hainbestetan bezala trena atzeratu izan denean bisitara puntual iristen lagundu digute; Euskal Herrira bueltako hegazkina garaiz hartzen lagundu digute; kartzelan bere bilobari bisita egin eta gero 80 urtetik gorako emakumea bere etxean hartu eta atseden pixka bat eskaini diote; gaisotu den senide bati medikuarenera lagundu diote; goizeko ordu txikietan eta poltsikoan 20 libera dituela askatu duten presoaren bila joan dira... Izugarria da egiten duten lana. Borondatez, hutsaren truke, edozer egiten dute presoen eta haien senide eta lagunen alde», kontatu du Iñaki Landak. Berak oso garbi daukanez, «ezinbestekoak» dira euskal herritar askorentzat.

Rockaina

Iker Zubia Karrocerias Betoño taldeko abeslarietako bat da. Kartzelan preso sartu zutenean, beste gauza askoren artean, zintzilik geratu zitzaion eginbehar garrantzitsu bat: Rockaina taldearekin hitzartutako abesti bat grabatzea. NAIZ webguneko Xenderak blogean Rockaina taldeko abeslariak, Angelillok, ondo agertzen du abestiak egin duen bidea: «Iker ezagutu eta harreman polita sortu zen gure artean. Tipo solidarioa da, sinesten duen gauzekin bustitzen den horietakoa. Hala jokatzeagatik lau urteko kartzela zigorra pasea zuen, eta beste lau urterako barrura zihoala kontatu zigun. Berehala ikusi genuen abesti bat zegoela istorio horretan, eta elkarrekin grabatzekotan geratu ginen. Baina lehenago preso hartu zuten eta zintzilik geratu zen proiektua. Era batera edo bestera, lortu genuen Ikerrek kartzelatik botatako bertso sorta bat grabatzea eta gure abestiarekin batzea. Izugarria da emaitza. Pentsamendu askatasunari ezin zaio mugarik jarri eta, murru guztien gainetik, lortu genuen abesti hori grabatzea».

Bederatzigarren farola

Poitiersetik igarotzean, handik gertu dagoen Vivonne herriraino gerturatzea erabaki zuten. Espetxea dago bertan eta bazekiten egun hartan bisitak zeudela. Preso politikoen senideek besoak zabalik hartu zituzten eta sekretu polit baten berri eman zieten: bederatzigarren farolaren sekretua.

Espetxe berria da Poitiersekoa, murru handi, gris eta sendoduna. Helikopteroen kontrako sarea ere badauka. Zerua ere sare bidez ikusten dute bertako presoek. Ez dago askatasunik zeruari begiratzeko ere.

«Senideek esan ziguten bederatzigarren farolapean jarriz gero, senideen oihuak entzun ditzaketela presoek. Oso polita izan zen. Bat, bi, hiru... kontatzen joan ginen bederatzigarreneraino. Han muin txiki batera igo eta builaka hasi ginen denok. Eta barrutik erantzun egiten zuten. Izugarri hunkigarria izan zen, benetan une ahaztezina. Senide askok ahotsa galtzeraino egiten dute oihu», kontatu dute. Murru eta hesi guztien gainetik, ahotsak libre izatea lortzen du une batez.

Sokak segituko du

Bidearen erdia eginda zutela bildu zen GAUR8 Iñaki Landarekin eta Ainara Balenciagarekin, justu azken horrek atsedenarako egun batzuk hartu behar zituenean. Geroztik beste hamaika istorio zintzilikatu dituzte NAIZeko blogean. Euskal Herriaren historia handia ezin baita idatzi dispertsioak utzitako istorio txiki horiek gabe.