NAIZ.INFO
Donostia

Egibar: «Ez da logikoa PPk eta PSOEk ETAren amaiera ordenatu baterako bide bat ez aurkitu izana»

Eusko Alderdi Jeltzalearen Legebiltzarreko bozeramaileak, Joseba Egibarrek, PP eta PSOE bakegintzan izaten ari diren jarrera kritikatu du: «ETA indarrean zegoenean eseri egiten ziren negoziatzera, eta orain, ETAk behin betiko amaitzea erabaki duenean guzti honi amaiera ordenatu bat emateko bide bat ez topatzea ez da logikoa». Zerga politika berriaz esan du, berehala itxiko dutela PSErekin akordioa.

Joseba Egibar Gasteizko legebiltzarrean. (Raúl BOGAJO / ARGAZKI PRESS)
Joseba Egibar Gasteizko legebiltzarrean. (Raúl BOGAJO / ARGAZKI PRESS)

Batean eta bestean, udara osoan bakegintzaz informazio andana argitaratu da, «gehiegi», Joseba Egibarren ustez. EAJren Gipuzkoako arduradun nagusiak esan du «askorik» ez dakiela berak gaiaz baina «honetaz ardura dutenak badabiltzala lanean» eta desio bat bota du, «ia asmatzen duten». Espainia eta Frantziako Gobernuak izaten ari diren jarreraz galdetuta erantzun du ez dela «onargarria» PPren eta PSOEren jarrera, «ETA indarrean zegoenean, su etenak iragartzen zituenean eseri egiten ziren hitz egitera; eta orain, ETAk behin betiko jarduera amaitzea erabaki duenean, orain zuzenean ez bada zeharkako bide bat aurkitu ez izana guzti honi amaiera ordenatu bat emateko ez da logikoa» Egibarren esanetan.

Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan ezker abertzalea ere kritikatu du Egibarrek, «denboraz kanpo» dabilela esan du eta ez diola dagokion ardura politkoari heldu. EAJko kidearen ustez «politikoki ardura partekatua izan du ezker abertzale politikoak» ETAren jardunbidean. Gutxietsi egin du, aldiz, ezker abertzaleak bere alderdiari egozten dion ardura, tortura edo atxiloketa kasuetan, adibidez.

Gozoago Gasteizko Legebiltzarrean abiatutako bake ponentziari buruz aritu da. Egibarrek gogoratu du Bilduk ontzat eman zuela aurreko legegintzaldiko zoru etikoa, guztiarekin ados egon ez arren. PP ponentzia horretatik kanpo geratzea kritikatu du, arazotik «urruntzea» egotzi dio; eta PSErentzat «PP dagoen tokian egotea erosoagoa» egiten zaiola adierazi du, jarrera «eskasa» dela uste du Egibarrek.

Urkulluren bake planak oinarri eta ekimen oso sendoak dituela adierazi du Egibarrek, eta zaila izango dela inork atzera botatzea.

PSE eta EAJren zerga politika proposamena irailaren 15erako

Zerga sistema berria ezartzeko PSE eta EAJren artean adostasun handia dagoela adierazi du Joseba Egibarrek eta adostasun hori «oso gertu» ikusten duela, datorren egunetan izango dela erabateko akordioa. Herrialde ezberdinetan diren desorekak ikusita, hori bideratzeko gutxienekoak hitzartuko dituztela berretsi du. Gainontzeko taldeekin adosten saiatuko direla ere iragarri du.

Foru Arauak Batzar Nagusietan urtea amaitu baino lehenago onartu beharko lirateke hurrengo urtean aplikatu ahal daitezen, gainera aurrekontuetan ere zerga sistemaren aldaketa horiek kontuan hartu beharko lirateke. Egibarrek adierazi du urtea amaitu aurretik nahi eta nahiezkoa dela arau berriak eztabaidatzea eta irailaren 15erako testu artikulatuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan izango direla.

Uztailaren amaieran iragarri zuen EAJk PSErekin adostasuna «ia erabatekoa» zela. PSEk orain bi aste baieztatu zuen adostasun hori. EH Bildu koalizioak bere kezka agertu du akordio horretatik ez duelako espero «neurri aurrerakoirik».