NAIZ.INFO
BARAKALDO

Barakaldon Gizarte Larrialdietarako Laguntzak agortuko direla salatu dute

Berri-Otxoak plataformak salatu duenez, irailaren 30ean Gizarte Larrialdietarako Laguntzak agortu egingo dira Barakaldon eta mila pertsona baino gehiago laguntzarik gabe geratuko dira.

Guantanamoko presoen itxura irudikatu dute elkarretaratzean. (ARGAZKI PRESS)
Guantanamoko presoen itxura irudikatu dute elkarretaratzean. (ARGAZKI PRESS)

Berri-Otxoak plataformako kideek elkarretaratzea egin dute Barakaldoko Udaleko Gizarte Ekintzaren egoitzaren aurrean, hile honen bukaeran Gizarte Larrialdietarako Laguntzak agortu egingo direla salatzeko.

‘Barakaldoko Udala, eskubide sozialen Guantanamoa’ lelopean egin dute kontzentrazioa, espetxe horretako presoek bezala buzo laranjak jantzita, burua poltsa beltzekin estalita eta oinak kate eta bilurrekin lotuta.

Salatu dutenez, Udalak agindutakoa ez du bete eta mila lagun baino gehiago diru-laguntzarik gabe geratuko dira eta ezin izango dira hilabete bukaerara iritsi. Gogora ekarri dutenez, Amaia Rojas zinegotziak uztailean agindu zuen beharra duen inor ez dutela laguntzarik gabe utziko, baina «ez du bere konpromisoa bete krisi ekonomikoak jota dauden pertsonekin».

Egoera hori ekiditeko, Gizarte Ekintzako teknikarien aurreikuspenen arabera, 1,2 milioi euro beharko lirateke gutxienez, plataformak ohartarazi duenez.

Iaz 1.368 familiak jaso zuten Gizarte Larrialdietarako Laguntza Barakaldon. Eskaera %22 hazi zen krisiaren ondorioz eta aurten 2.000ra igo liteke, Gizarte Ekintzaren prebisioen arabera.