Ainize Butron
Hendaia

Oztopoak direla eta, mobilizazioak bultzatuko dituela iragarri du Seaskak

Seaskak arranguraz beterik abiatu du ikasturtea. Hendaiako ikastola berriaren egitasmoa blokeatua izateaz gain, botere publikoek agertu duten jarrerak kezka piztu du ikastoletan. Mobilizatzeko asmoa azaldu du.

Seaskak Hendaian eskeinitako agerraldia. (Gaizka IROZ)
Seaskak Hendaian eskeinitako agerraldia. (Gaizka IROZ)

Ikasturtearen sartze eguna dela-eta, prentsaurrekoa egin du Seaskak, Pausuan, Hendaiako Ikastolaren bigarren egoitzan, eta ikastolek ateak ireki berri dituztela, ikasturtea «arranguraz beterik hasi» duela jakinarazi du. Uztailean, ikasturtea Alderdi Sozialistaren Baionako egoitza okupatuz bukatu zuen Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioak, eta egungo egoera ikusirik, behin «sartzea ongi antolatu ostean, mobilizazioak hasiko» dituztela azaldu du.  

Hendaiako ikastola berriak sortu arazoei aterabidea atzemateko lege berezi baten sorrera eskatzeko Parisen joan den uztaila erdialdean izandako bilera gogora ekarri du Paxkal Indo lehendakariak, bilkura horrek «jarraipen bat» izango duela esanez, hots, «mobilizazioarena».

Hendaiako ikastolaren proiektu berriari dagokionez, Udalak apirilaren 23an egitasmoa aurrera eramateko deliberoa hartu ondoren, Suprefetak erabaki horren aurka auzitara jo zuela gogorarazi du Seaskak. Egitasmoa gaur egun «blokeatua» dago; beraz, gaur egun, eta ondorioz, aurtengo «urtea oso zaila» izango dela tamaldu du Sandra Dacharry  Hendaiako Ikastolako lehendakariak.

Hendaiakoa ez da Seaska arduratzen duen gai bakarra. Diru-laguntzen aldetik beherakada izan dute, eta, Ikuskaritzak hitzemandako postu kopurua ez dio eman. Udaren erdian, izan ere, aurrekontua hesteko bezperan, Euskararen Erakunde Publikoak hitzemandako 25.000 euro kendu zizkiola jakin zuen.