NAIZ.INFO
IRUÑEA

Carmen Alba eta Guardia Zibila Nafarroan «soberan» daudela aldarrikatuko dute irailaren 21ean

Sortuk elkarretaratzea deitu du irailaren 21ean Iruñean, Gobernu espainolaren ordezkaritzaren aurrean, erakunde hori eta Guardia Zibila Nafarroan «soberan» daudela aldarrikatzeko.

Carmen Alba Jorge Fernandez Diaz Barne ministro espainolarekin, Leitzan, Maxurreneako kuartela bisitatzen. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
Carmen Alba Jorge Fernandez Diaz Barne ministro espainolarekin, Leitzan, Maxurreneako kuartela bisitatzen. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Txelui Morenok eta Maitane Intxaurragak agerraldia eskaini dute Iruñean, Gobernu espainolaren ordezkari Carmen Albak azkenaldian hartu dituen erabakien eta Guardia Zibilaren jarreraren inguruko irakurketa egiteko.

Gobernu espainolaren ordezkaria «etengabe nafarron erabakitze eskubidearen aurka» eta Nafarroako Parlamentuak hartzen dituen erabakien aurka «oldartzen» dela salatu dute. Adibidetzat aipatu dituzte 14. paga ordaintzeko Legebiltzarrak onartu zuen legea errekurritu izana, pentsiodunek sendagaien berrordainketa ez ordaintzea arautzen zuen legea errekurritu izana, edota osasungintzaren unibertsaltasunaren legeari Estatuak helegitea aurkeztu izana.

Guardia Zibilari dagokionez, Gobernu espainolaren ordezkariak eraunde hori «bere esana egitera indarrez behartzeko» erabiltzen duela adierazi dute Sortuko kideek. «Instituzio demokratikoek baliatutako arrazoiaren indarraren aurrean, Albak indarra erabiltzen du», salatu dute.

Inasaren itxieran izan zuen jokaera, Maxurrenea eraikinarekin gertatu dena, Altsasuko okupazio militarra, ikurrinak jartzea galaraztea eta isunen erabilera aipatu dituzte adibide gisa, bestak beste.

Sorturen iritziz, Gobernu espainolaren ordezkaritza nahiz Guardia Zibila «soberan» daude Nafarroan eta frogatzen duten «gauza bakarra Nafarroak okupatuta jarraitzen duela eta bere eskubideak urratuta daudela» da.

Horrenbestez, Nafarroa «desmilitarizatzen hasteko, konponbideari bide emateko garaia dela uste dute eta horretarako Estatuak «bere diskurtso kuarteleroa alboratzea» eta urratsak egiten hastea beharrezko jo dute.

«Nafarroak behar duena da bere buruaren jabe izatea, kanpo injerentziarik gabe soilik lortuko du krisitik ateratzea eta izango du posible nafar jendarteak eskatzen duen aldaketaren bidean urratsak ematea», nabarmendu dute.

Hori guztia aldarrikatzeko kontzentrazioa deitu du Sortuk irailaren 21ean Gobernu espainolaren egoitzaren aurrean, Iruñean, 12.00etan.