@arianekamio
Donostia

‘Canibal’, maitasunak hiltzailearen jarduna eteten duenean

Manuel Martin Cuencak istorio gogorra ekarri du Zinemaldira. Emakumeak hil eta jaten dituen gizonezkoa da filmeko protagonista, baina maitasunak bere jarduna etenaraziko du.

Antonio de la Torre, Manuel Martin Cuenca eta Olimpia Melinte. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Antonio de la Torre, Manuel Martin Cuenca eta Olimpia Melinte. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Hiltzaile baten sentimenduak agerian uzten ditu Manuel Martin Cuencak ‘Canibal’ filmean. Deserosoa da filma, gogorra. Erritmo geldoa darabil zuzendariak kontakizunean, baina egoera astunetara iritsi gabe. Antonio de la Torre du protagonista nagusi. Granadako jostuna da eta gustoko dituen emakumeak hiltzen ditu Sierra Nevadan duen etxe batean. Zatitu eta jan egiten ditu ondoren.

Hil duen emakume baten ahizpa (Olimpia Melinte) bere bidean gurutzatuko da, ordea, eta maitasunak zeresan handia izango du bere bizimoduan. Hiltzaile sena ere ezbaian geratuko da.

De la Torrek paper laua egiten du filmean, espresio gutxiko gizon hotza da, eta horrek iritzi ezberdinak eragin ditu kritikarengan. Batzuk goratu eta besteek gutxietsi egin dute.

«Deabruaren maitasun istorioa litzateke hau, zer gertatuko litzateke deabrua maiteminduko balitz?», adierazi du Martin Cuencak. Gaizkiaren presentzia azaldu nahi izan du, bere egoera gordinenean, eta aldi berean, maitasuna nola nahi gabean azaltzen den agerian utzi.

«Nire pertsonaiaren desioa eta besteekin harremanak izateko zailtasunak irudikatu nahi izan ditut. Eta, horrez gain, jostun sentitzeko beharra nuen, pertsonaiaren lana azken batean kareta bat delako bere benetako izaera estaltzeko», nabarmendu du bere aldetik Antonio de la Torrek.

Bere ibilbidean izan duen paperik zailena izan dela aitortu du aktoreak. «Oso pertsona adierazgarria naiz eta hitzk asko erabiltzen ditut, baina paper honetan guztiz kontrakoa izan da guztia», esan du.

«Jendeak normalean gauza bat pentsatu eta beste bat adierazten du, eta hori interpretatzea oso interesgarria da», adierazi du De la Torrek.