@arianekamio
Donostia

‘The Railway Man’, iraganetik askatzen den korapiloa

Bigarren Mundu Gerran japoniarren esku geratzen den soldadu britainiar baten eta bere torturatzailearen arteko «barkamena» ekarri du Zinemaldiko Sail Ofizialera Jonathan Teplitzkyk. Benetazko historia batean oinarrituta, Colin Firth eta Nicole Kidman ditu protagonista nagusi.

‘The Railway Man’ filmeko zuzendari eta aktoreak. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
‘The Railway Man’ filmeko zuzendari eta aktoreak. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Eric Lomax (Colin Firth) Bigarren Mundu Gerran japoniarren esku geratu zen soldadu britainiarra da. Birmania eta Thailandia lotzen zituen trenbidea egitera eraman zuten, beste hainbat soldadurekin batera. Bertan gogor torturatua izan zen. Urteak igarota, mamu horiek bizirik jarraitzen dute. Bere bizitza berregiten du Patti-rekin (Nicole Kidman), baina iraganean gertatutakoak argitzeko beharra du, eta torturatua izan zen tokira itzuliko da.

Jonathan Teplitzkyk berak aurkeztu du ‘The Railway Man’ Zinemaldian. Benetazko istorio batean oinarritutako lana da eta, beraz, Loomax zenaren alargunarekin etorri da Donostiara.

Barkamena da, bere iritziz, filmaren funtsean dagoena. «Eric eta Pattiren historiak giza naturaren onena eta txarrena eskaintzen» duela nabarmendu du.

Alarguna ere ildo beretik mintzatu da. «Gorroto eta gaiztakeria horiek gainditu egin daitezke. Filmaren funtsa aurrera egitea posible dela erakustea da, baldin eta prest bazaude iraganetik askatzera», ohartarazi du.

Senarraren hitzak ere ekarri ditu gogora, Thailandiako kanposatu batean zirela esandakoak: «Nire senarrak bazekien gizakien gorrotoak ez ziola inori mesede egiten. Galdetu nion ea fidelak ginen garai haietako gazteekiko eta erantzun zidan gorrotoak bukatu egin behar zuela».

Ericek bizitako torturetako asko filmetik kanpo geratu direla agertu du, «gertakari haietako asko ikusiz gero inor ez zelako filma ikustera etorriko». Tortura horietako asko oraindik egun indarrean daudela ere ohartarazi du.