@arianekamio
Donostia

‘For Those Who Can Tell No Tales’, gerra osteko isiltasun kodea

Balkanetako gerra hari nagusi duen filma aurkeztu du Sail Ofizialean Jasmila Zabanic-ek. Australiatik Bosniara oporretan joan eta gerrako sarraskietan begirada jartzen du lanak. Kym Vercoe protagonistak berak egindako bidaietan oinarritzen da.

Filmeko zuzendari eta aktoreak. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS
Filmeko zuzendari eta aktoreak. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS

Kym Vercoe Australiatik Bosniara oporretan doan turista da. Jakin gabe, Vilina Vlas hotelean ostatu hartzen du, Visegradon. Bertan, Balkanetako gerran 200 emakume inguru bortxatu zituzten, eta gerrako historiak bultzatuta, berriz itzuliko da Bosniara.

‘For Those Who Can Tell No Tales’ filma Kym Vercoek berak bizitakoak ditu oinarri, benetazko bizipenetan du funtsa. «Filmak gidoi bat dauka, baina gertakari erreal batean oinarrituta dago. Erabaki genuen iraganera jotzea. Film bat egin nahi nuen bosniarren inguruan gerra pasa eta hogei urtera. Gure herriaren sentimenduak eta emozioak islatuko zituen istorioa nahi nuen», adierazi du Jasmila Zabanic-ek.

Gidoia Kym Vercoeren bidaietatik ondu zen. Zuzendariak Vercoeren performance bat ikusi zuen antzokian, Bosniara egindako bidaian oinarritutakoa. Hortik hasi ziren gidoia gorpuzten.

Bosnian oraindik indarrean dagoen «isiltasun kodeaz» mintzatu da Zabanic. «Isiltasun hori bizitzaren parte da. Modu oldarkorrean edo faltsuan elkar komunikatzen gara gai horri buruz, hitzik esan gabe», esan du.

Filma Visegradon bertan grabatu zuten, nahiz eta hainbat jendek bertara ez joateko gomendatu aurretik. «Sarraski ugari gertatu ziren han eta argi geneukan bertan egin behar genuela filma.

«Bosniako banaketarekin hitz egiten hasten saiatuko gara. Visegradon erakutsi nahi dugu eta historia hau ongietorria ez den beste hainbat lekutan ere», nabarmendu du Zabanic-ek.

Vercoek Visegradon hil ziren 200 emakume bosniar musulmanen ikuspegia du abiapuntu. Filmean badira, ordea, turkiarren okupazioa salatzen duten serbiarren iritziak ere.

Gerratik 20 urte igaro badira ere, egoera batzuk bere horretan mantentzen direla adierazi du Zabanic-ek. «Botere politikoek jarraitzen dute politikan integratuta. Baina botere horiek ez dituzte epaitu nahi. Ez dute gerrari buruzko elkarrizketa berriro irekitzerik nahi eta beraien boterea eusten saiatzen dira. Garrantzitsua da haientzat boterea mantentzea, ez baitute Visegradokoa bezalako istorioak argitara ematerik nahi. Poliziak ere ahantzarazi egin nahi du gertatutakoa».