Naiz.info
Donostia

197/2006 doktrinaren filtrazioa Estrasburgo «presionatzeko kanpaina» dela salatu du Etxeratek

Etxerat elkarteak ez dio «inolako sinesgarritasunik eman» hainbat komunikabidek 197/2006 doktrinaren inguruan egindako filtrazioari. Informazio horrel helburua «alarma soziala piztea» dela esan du eta «Estrasburgoko Auzitegia presionatzen saiatzeko kanpaina bat dela» salatu.

Etxerat elkarteak ohartarazi du abokatuek ez dutela inolako jakinarazpenik jaso 197/2006 doktrinaren inguruan Estrasburgoko Auzitegiak hartuko duen erabakiaren inguruan eta «are gutxiago ebazpena zer nolakoa izango den dioenik».

Presoen senideen elkarteak ez dio «inolako sinesgarritasunik ematen» hainbat komunikabidek filtratutako informazioari. «PPko Gobernuak eskatu bezala, beraien baliabideak erabili dituzte presio egiteko eta honela Estrasburgoko ebazpena Espainiako Gobernuaren aldeko izateko».

Ohar bidez adierazi duenez, filtrazio horien helburua «alarma soziala piztea da» eta «Estrasburgoko Auzitegia presionatzen saiatzeko kanpaina dela» salatu du.

«Espekulazioetan sartu gabe», auzitegiaren ebazpena positiboa izatea espero du Etxeratek. «Izan ere, aldeko ebazpen honek oinarrizko eskubideen errespetua eta batez ere askatasun eskubidea errespetatzea suposatuko luke».