Naiz.info
Bilbo

LOMCE legeak «hezkuntza frankistaren berrezartzea» ekarriko duela dio EH Bilduk

LOMCE legeak hezkuntza «Estatu eredu neoliberala eta identitate espainola ezartzeko tresna bilakatzea» helburu duela ohartarazi du EH Bilduk eta alternatiba gisa Hezkuntza Lege integran propioa eskatu du Euskal Herriarentzat.

EH Bildu eta hezkuntza alorreko hainbat eragileren agerraldia. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)
EH Bildu eta hezkuntza alorreko hainbat eragileren agerraldia. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)

Iñaki Zabaleta EHUko katedradunak eta Ane Morales ikasleak prentsaurrekoa eskaini dute Bilbon hezkuntza alorreko 50 kiderekin batera. EH Bilduren izenean hitz egin dute eta LOMCE legea gogor kritikatu. Gobernu espainolak aurrera eraman nahi duen erreformak «hezkuntza frankistaren berrezartzea» ekarriko duela ohartarazi dute.

Beren aburuz, LOMCE legearen helburua da «Estatu eredu neoliberala eta identitate espainola ezartzeko tresna bikalatzea hezkuntza» eta horrek Euskal Herriko hezkuntza eskubideengan urraketa eragingo duela salatu dute.

Horren aurrean, «gure hezkuntza sistema propioa eraikitzeko orube izango den Hezkuntza Lege integral propioa» aldarrikatu dute. «Euskal herritarrok erabaki behar dugu zer nolako hezkuntza eredua nahi dugun, inolako kanpo injerentzia edo baldintzapenik gabe», esan du Zabaletak.

Bere aburuz, «zatiketak gainditu eta herri gisa gure bidea egiteko» ordua da, eta bide horretan kokatu du EH Bilduren konpromisoa. «Kanpo injerentziarik gabe guk geuk erabaki eta eraiki dezagun nahi eta behar dugun hezkuntza eredua», adierazi du.

Hezkuntza eragileek erakutsitako batasun beretik, instituzioei ere Hezkuntza Sistema Propioaren eraikuntzan urratsak emateko galdegin die. «Denon artean ibili beharko dugu Hezkuntza Sistema Propioa eskuratzera eramango gaituen bidea; nork bere eremuan horren eraikuntzarako urratsak emanez», nabarmendu du.