MAIDER EIZMENDI
ARTEA

«‘Amatasuna ez da zuretzat’ esaten zaio ezgaitasunen bat duen emakume askori»

«Ama izateak ez du zertan emakume baten azken helburua izan behar, baina gizarte honek halako zerbait esaten digu emakumeoi ezartzen zaizkigun rol tradizionalen bitartez», aitortu du Rosa Ugartemendiak. Ezberdina da, ordea, ezgaitasunen bat duten emakumeei luzatzen zaien mezua.

Rosa Ugartemendia. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)
Rosa Ugartemendia. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)

«‘Amatasuna ez da zuretzat’ esaten zaio ezgaitasunen bat duen emakume askori, izan zuzenean edo izan modu sotilagoan», aipatu du Rosa Ugartemendiak.

Ugartemendia dagoeneko ama zen gurpildun aulkian utzi zuen istripua izan aurretik, eta, hori hala, ez zuen ama izateko pausua ezgaitu den pertsona baten azalean bizi. Hala eta guztiz ere, parte hartu duen jardunaldi askotan jorratutako gaia da, eta, azaldu duenez, «ezintasunen bat duten emakume askori jartzen zaizkion trabak ugariak» dira, bai maila sozialean, bai eta bere inguruan ere, besteak beste, ezintasuna duen emakumea «zaindu behar den haurrarekin» parekatzeko joera dagoelako eta ez emakume gisa ikustekoa. Fekoor Gutxitasun Fisikoa edo/eta Organikoa duten Bizkaiko Pertsonen Federazioak iaz egin zuen IX. Emakumea eta Ezgaitasuna Foroan sakon aztertu zuten gaia. «Bertan kontatu zigutenez, ezintasuna zuen emakume bat bere gizonak lagunduta joan zen medikura ama izan nahi zuela esanez; medikuak gizonari baino ez omen zion begiratzen...», kontatu du Ugartemendiak ezintasuna duten emakumeen erabakitze eskubidea nola mugatzen den aipatzeko. Horregatik dio medikuak, ginekologoak... prestatu egin behar direla.

Ezintasuna duen emakumea beste norbait zaintzeko gai izango ote den jarri ohi da zalantzan. «Funtsezkoa da erabakia zer-nolako segurtasunarekin hartu den; inguruak erabaki hori errespetatu beharra du». Heziketak zerikusia du horretan, hala ere: «Txikitatik asexuatu gisa hazi zaituen familia batean ama izan nahi duzula esatea guztiz desberdina da».