NAIZ.INFO
BILBO

Epaiak gatazka konpontzeko bidean «aurrerapausua» ematen du, Etxeraten aburuz

Estrasburgeko Auzitegiak 197/2006 doktrinari buruz emandako epaia «giza eskubideen aldeko borrokan eman dugun lehen pausu txikitzat» hartu du Etxerat elkarteak. Dei egin die eragile sozial, politiko eta sindikalei, urraketa horien aurrean aktibatu daitezen eta aurre egin diezaieten.

Ohar baten bitartez, Etxerat elkarteak poztasunez hartu du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 197/2006 doktrina baliogabe uzteko eman duen epaia.

Azaldu dutenez, ebazpenak «argi eta garbi» adierazten du presoen senide eta lagunen elkartetik «behin eta berriz» salatu dutena, aipatu doktrinak «oinarrizko eskubideak urratzen dituela».

Zentzu horretan, gogoratu dute 93 euskal presori aplikatu zaiela doktrina hura, eta Ines del Rioren kasu berean «egun beste 70 euskal preso politiko daudela espetxean».

Estrasburgen epaia giza eskubideen aldeko borrokan eta gatazkaren konponbidearen urratsetan «aurrerapauso» bat dela azpimarratu dute.

Hala ere, preso eta senideen hainbat eskubidek urratuta jarraitzen dutela ohartarazi ondoren, eragile sozial, sindikal eta politikoei dei egin diete, eskubideen urraketen aurrean «aktibatzeko eta egunerokotasunean aurre egiteko».

«Guztion lanari eta ekarpenei esker lortuko baitugu giza eskubide guztiak errespetatuak izatea», nabarmendu du Etxeratek.