NAIZ.INFO
DONOSTIA

Igeldotarren borondatea errespetatzeko deia egin du Gipuzkoako Aldundiak

Gipuzkoako Aldundiak dei egin die erakunde eta alderdi politikoei, igeldotarren borondatea errespeta dezaten eta udalerriaren aurkako jardunik aurrera ez eramateko.

Igeldo udalerri izendatzeko erabakia ospatzeko pankarta jarri zuten. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Igeldo udalerri izendatzeko erabakia ospatzeko pankarta jarri zuten. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Igeldo udalerri izendatzeko erabakia hartu zenetik hamar egun bete direnean eta Donostiako Udalak afera honen inguruan egin behar duen osoko bilkura bereziaren bezperan, Gipuzkoako Aldundiko diputatuen kontseiluak dei egin die erakunde eta alderdi politikoe guztiei igeldotarren borondatea errespeta dezaten, eta ez dezaten udalerri izaeraren aurkako ekimenik abiatu. 

Diputatuen kontseiluak berretsi du igeldotarrek udalerri izateko duten «borondateari ezin zaizkiola mugak jarri, ez legeari dagozkionak, eta are gutxiago interes politikoei dagozkienak».

Hori dela-eta, abian jarri den trantsizio prozesuan «laguntzaile eta bideratzaile» izan daitezen galdegin die.

Aldundiak gogora ekarri du igeldotarrek bi aldiz adierazi dutela bozka bidez udalerri izan nahi dutela, eta «aurrekoak egin ez bezala», foru erakundeak iritzi horri «bide eman» diola.

«Igeldo ekonomikoki bideragarria da, Gipuzkoako neurri beretsuko beste 46 udalerriak bezalaxe», azaldu dute.

Azkenik, azpimarratu dute Igeldok udalerri izateko baldintza guztiak betetzen dituelako eta, gainera, igeldotarren borondatea hori delako, hartu zela udalerri izendatzeko erabakia.