Naiz.info
Trintxerpe

Sute batek 42 familia etxebizitzarik gabe utzi ditu Trintxerpen

Sutea piztu da gauerdian Trintxerpen eta lau eraikinetan kalte material handiak eragin ditu. Suhiltzaileak lanean aritu dira garrak kontrolatzen eta haiek itzaltzea zaila izan dela nabarmendu dute. Dirudienez, suziri bat izan daiteke sutearen sortzailea. Bi etxe erabat kiskali dira eta 48 familiak kalean pasa dute urteko lehen gaua. Haietatik 42 oraindik ez dira itzuli. Bi eraikin eraitsiak izan daitezke.

Gauerdiak sutea piztu da Trintxerpen, zonaldean azken orduetan izandako bigarrena. Atzo arratsaldean ere sutea izan zen baina ez du gaurkoarekin zer ikusirik, goizean goizeko edizioan hori zioten informazioak zabaldu badira ere.

Sutearen ondorioz lau etxebizitza bloke hutsarazi dituzte, 48 familia, hain zuzen.

Sutea garrantzia handikoa izan da, Twitter bidez bildutako irudiek eraskuten dutenaren arabera.

Hiru lagun erietxera eraman dituzte kea arnasteagatik. Garrek sortutako kalte materialak handiak dira. Bi eraikin erabat kiskali dira eta gainontzekoetan aztertu egin beharko da nolakoa den orain egoera.

Udaletxeko arkitektoak eraikinen egoera aztertu du eta haietako bat, bosgarren zenbakiduna, eraitsia izan daitekeela esan du.

Bigarren eraikin kaltetuenaren inguruan, zazpigarren zenbakiduna, zalantzak agertu ditu eta ostegunean berriro ikertuko duela iragarri.

Sutearen arrazoiaren atzean Urte Zaharrean jaurti ohi diren suziriak izan daitezkeela nabarmendu dute hainbat iturrik.

Gipuzkoako Aldundiko eta Pasaiako Udaleko ordezkariak kaltetuekin bildu dira. Amaia Agirregabiria alkatearen arabera, 42 familia etxerik gabe geratu dira eta, momentuz, Oiartzungo Lintzirinen eman diete ostatu.

Auto bat erre da San Inazion

Goizaldean botatako beste suziri batek auto bat kiskali du Bilboko San Inazio auzoan. Ezbeharra Orixe kalean gertatu da eta sortutako suteak beste bi autoengan ere kalte materialak eragin ditu.