Maider Eizmendi | GAUR8

«Gobernuek eta Elizak emakumeon gorputzetatik irten behar dute behingoz»

Bare mintzatzen da, baina PPren Gobernuak Abortuaren Legea erreformatzeko egindako proposamena tinko eta gogor kritikatzen du. Verena Stolcke Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Gizarte eta Kultur Antropologiako departamentuko katedradun emeritua da eta Kataluniako Antropologia Institutuko presidentea. Alemanian jaio zen 1938an eta Oxford Unibertsitateko doktore da.

Verena Stolcke. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)
Verena Stolcke. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)

Nafarroako Unibertsitate Publikoan hitzaldia amaitu eta bertako pasilloetan dela, Antsoaingo erietxe batera abortatzera doazen emakumeek pairatzen duten jazarpenaz mintzatu zaio emakume bat. Ez da asaldatzen, emakumeen eskubideen aldeko borrokan bide luzea eta gorabeheratsua egina du, izan ere, Verena Stolcke antropologo feministak. Modu pausatuan mintzatzen da, baina bere baieztapenetan ez du inolako epeltasunik agertzen. «Euren diskurtsoa zein den jakin behar duzue lehendabizi, arrazoian oinarritutako eta sakonagoa den diskurtso batekin erantzuteko. Baina, hori bai, erantzun egin behar duzue, ez alde batera geratu euren aldarrikapenak aurrera aterako ez direla pentsatuta; emakumeen eskubideen aurka gertatzen den eraso bakoitzari tinko erantzun behar zaio», nabarmendu du.

Minutu batzuk lehenago, leporaino betetako aretoan, makina bat arrazoi eta baieztapen sendo utzi ditu ‘Gorputzak emakumeen eskubideak. Bioteknologia eta abortua’ izenburupean eskaini duen hitzaldian. Emakumeen gorputzaz, haren erabilpenaz, kontrolaz... luze eta sakon ikertu du Stolckek, eta, hala, parean jarritako pertsonei arlo honetan eginak dituen hausnarketetako batzuk azaldu dizkie.

PPko Justizia ministro Alberto Ruiz-Gallardonek Abortuaren Legea eraldatzeko egindako proposamenari heldu dio lehenik eta behin, besteak beste, bertan batutakoak antropologoak gaiaren inguruan esateko duena entzuteko irrikatan daudelako. «Ezinbestean gelditu beharreko aldaketa da», nabarmendu du tinko, Gobernuan den alderdiak «eskuin muturreko sektoreak kontentatzeko egin duen maniobra politikoa» dela gaineratzearekin batera. «Izan ere, zertara dator orain hau? Zergatik aldaketa epekako legeak emaitza onak izan dituela ikusi bada?», galdegin du.

Proposamenari berari jarritako izenean ere erreparatu nahi izan du: «‘Sortutakoaren biziaren eta emakume haurdunaren eskubideen babeserako legea’ dela dio. Kasu honetan, zalantzarik gabe, zaindu nahi gaituela dioen horretaz zaindu beharra dugu. Izan ere, eurek aipatzen duten zaintza kontrola baino ez da».

Abortuaren Legearen erreformaren inguruan duen jarrera argia da. Hasteko, erreferentzia egin die 70eko eta 80ko hamarkadetan kaleak sarri hartu zituzten mezuei: «Abortu librea eta doakoa eskatzen zen orduan. Eta horixe da, hain zuzen ere, oraindik orain aldarrikatzen jarraitu behar duguna. Gobernuek eta Elizak gure gorputzetatik irten behar dute behingoz».

Emakumeek euren gorputzen inguruan duten erabakitzeko eskubidearen gaineko eztabaida benetako eta sakonik ez dela eman iritzi dio, «besteak beste, jende askok jada arlo honetan lortu beharrekoa lortuta zegoela uste zuelako, hobeago edo gaizkiago gaindituta genuen kontua zela uste zelako. Ni neu ere ustekabean harrapatu nau Gobernuaren proposamenak. Tamalez, berriz ere borrokan jarraitu behar dugula argi geratu zaigu».

Mobilizazio gaitasunean, ordea, fede osoa du, eta ziur dago herritarrak kalera irtengo direla eraso berri hau saihesteko: «Ezin dugu besoak gurutzatuta geratu; politikoek hartzen dituzte erabakiak, baina emakumeok haien erabakiak baldintzatu egin behar ditugu gure aldarrikapen bitartez, are gehiago gure gorputzekin zer egin inposatu nahi digutenean», iritzi dio. «Gure esku dago –ohartarazi dugure gorputzaren gainean erabakitzeko dugun eskubidearen inguruko eztabaida ematea».

Abortuaren Legearen erreforma bere horretan azaldu baino, nahiago izan du bioteknologiaren arloan emakumeen gorputza zein modutan baliatzen den azaldu, eta, bide batez, diskurtso mailan sortzen diren kontraesanak nabarmendu. «Kontraesanak, izan ere, ugariak dira». Paradoxikotzat jo du, esaterako, lagundutako ugalketan izan diren aurrerapenek eztabaidarik sortu ez izana abortuaren aurka hain gogor egiten dutenen artean: «Inork ez du arlo honetan arreta jartzen eta ez da debekurik ezartzen. Are gehiago, arlo hau gara dadin interes handiak daude bai politikoki bai maila ekonomikoan; kontraesan honen erdigunean emakumeen gorputz sexuatuak daude».

Emakumeen gorputzaren erabilpenari lotuta, hiru botere gune nabarmendu ditu batik bat Stolckek: zientziarena, politikoena eta Elizarena. Azken bien inguruan ez da luze mintzatu, «ezagunak direlako». Elizaren sektore handi baten postura aski ezaguna da, bere esanetan, «hain ona zirudien Aita Santuaren azken hitzak entzun baino ez dago». Gobernuan dagoen alderdiaren gainean, berriz, zera dio: «Emakumeari eta haren eskubideei lotutako gaiak ez dira lehentasunezkoak gizarte honetan, are gutxiago PPren kasuan».

Zientziak duen zeresanaz sakondu nahi izan du Stolckek, batez ere, hainbat autoreren hitzak gogora ekarrita: «Zientziaren boterea ez da inondik ere hain dogmatikoa, antropologia arloan askotan esan ohi den moduan, ‘ikusten duzuna begiratzeko moduaren araberakoa da’». Baieztapen hori eginagatik, hainbat kasutan zientziaren esanak erabatekoak bailiran hartzen direla salatu du, besteak beste, ugalketaren arloan. «In vitro ernalketako teknikek bizitzaren jatorria ezagutzea ahalbidetu dute. Zientziak ernaldutako obuluak erabiltzen ditu, eta, beraz, ‘bizirik’ daudela dio. Nola iristen da, ordea, biologian erabiltzen den baieztapen horretatik baieztapen etiko eta politiko batera?». Stolckek nabarmendu du gauza batek ez duela ezinbestean bestea ekarri behar, «are gehiago kontuan izaten badugu bioteknologiaren alorrean ‘bizirik’ dagoen materialarekin esperimentuak eginagatik ‘bizitza’ defendatzen duten sektoreek ez dutela inolako ardurarik erakusten». Interes ekonomikoak aipatu ditu. «Zinez errazagoa da biologia aldatzea gizartea baino; eta hor kokatzen da Gallardonen legearen adibidea, balore sozialak, balore kulturalak, arau politiko-kulturalak aldatzea helburu duena».

Bioteknologiaren alorrean eta zehazki giza ugalketaren inguruan aldaketa sakonak izan direla nabarmendu du Stolckek, eta adibidetzat jarri du iazko urtean klonazio bidez giza zelula amak sortu izana. «Horrek sekulako garrantzia eta interesa piztu du, izan ere, zelula amekin gizakiak sortzea posible da, bai eta epe ertainean emailearekin bateragarriak diren organoak eratzea ere».

Klonazioa ere aipatu du: «Dollyren sorreran ez zen arraren hazirik baliatu, nahiz eta hori ez zen oso sakonean aipatu proiektuaren inguruan luze eta zabal hitz egin bazen ere; argi dago interesaren arabera erabakitzen dela zabaldu nahi den informazioaren muina eta hori esatea ez zela interesekoa».

Bioteknologiaren alorrean egiten diren aurrerapenek herritarren artean sor dezaketen alarma ekidite aldera, antropologoak aipatu du makina bat joko linguistiko baliatzen direla: «‘Enbrioi aurreko’ kategoria asmatu zen, hau da, enbrioia bi etapatan bereizi zen, horretarako inolako arrazoi medikurik ez badago ere. Enbrioiaren hamaseigarren egunera arte esperimentazioa ahalbidetzeko egin zen, besterik ez. Era berean, ‘klonazio terapeutikoa’ eta ‘ugalketa klonazio’ bereizi ziren; prozesua, baina, bera da, kasu batean enbrioia lortzen denean moztu egiten da eta bestean uteroan jartzen da», azaldu du ironia baliatuta. Aipatutakoak, noski, interes jakinek bultzatutako arauak direla nabarmendu du: «Helburua arazo etikorik izan gabe ikerketaren eremua zabaltzea da».

Ildo berari eutsita, azken denboran herentzia biologikoari ematen zaion garrantzia handitu egin dela iritzi dio, eta «horrek, zalantzarik gabe, elikatu eta justifikatu egiten du bioteknologia arloan egiten den esperimentazioa». Esperimentazio horrek, molekula enbriologikoen arloan izandako aurrerapenak, «emakumeak erabiltzen ditu»; emakumeen obuluak guztiz funtsezkoak eta baliotsuak dira eta: «Obuluek bizitzaren txispa daramate, lagundutako ugalketa prozesuetan zein bioteknologia arloko ikerketetan oinarrizkoak dira. Pentsa genezake emakumeek euren obuluek duten pareko aitorpena behinik behin izan beharko luketela, baina horrela gertatzen ez dela ikusi dugu; bai gizarte mailan bai bioteknologiaren alorrean ikusezinak gara».

Emakumeen ikusezintasun eta erabilpenari lotuta, beste emakume batzuen umetokiak baliatuta haurrak izan dituzten pertsona ezagunen edota egoera ekonomiko onean dauden bikoteen kasuak hartu ditu ahotan: «Azken batean emakumeen gorputz sexuatuak erabiltzeko edo-ta jazartzeko dauden moduen beste adibide bat baino ez da; nazioarte mailan gauzatzen diren prozesu hauetan maiz emakume anonimoen ezintasuna baliatzen da posizio indartsuago batean dauden beste pertsona batzuen aitatasun ala amatasun biologiko beharra asetzeko. Hori, noski, ez da ezbaian jartzen; antza, ez du interesik».

«Horrenbeste dira lege erreforma honi lotuta dauden kontraesanak!», ohartarazi du jarraian, berehala jarduteko garaia dela nabarmentzearekin batera. «Seguru asko Gobernuak aldaketak egingo ditu aurka jarritako guztiak zertxobait lasaitzeko, baina gure azken aldarrikapenari eutsi beharko diogu: abortu libre eta doakoa».

Amaitzeko, Gobernu espainolak proposatutako erreforma Europaren begietara nola ikusten den galdetuta, ez du zalantza izpirik: «Estatu espainolaren inguruko ikuspegi makala dago lehendik ere hainbat zentzutan Europan; erreforma honek irudi hori indartu baino ez du egingo. Ezin da ulertu arlo honetan atzera egitea. Estatu frantsesetik jada adierazi dute harridura».