Naiz.info
Donostia

Hondakinen alorrean Europako hierarkia «zorrotz» betetzen duela dio Gipuzkoako Aldundiak

Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Iñaki Errazkinek erantzuna eman die Europako Batasunak hondakinen alorreko Gipuzkoako kudeaketa aztertuko duela dioten informazioei. «Gipuzkoako Foru Aldundiak hondakinen alorrean daraman politikak bat egiten du Europako araudiarekin. Alde horretatik, Europar Batzordeak badaki prest gaudela, beti bezala, edozein gai argitzeko», ohartarazi du.

Iñaki Errazkin, artxiboko irudi batean. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Iñaki Errazkin, artxiboko irudi batean. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

«Iaz, Europako Parlamentuak jardunbide eredugarri moduan gonbidatu gintuen Bruselara: geure esperientzien berri eman genuen han eta Janez Potocnik Ingurumeneko komisarioarekin ere bilera egin genuen. Orain, Europak informazio gehiago nahi badu, eman egingo diogu», adierazi du Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Iñaki Errazkinek Bruselak hondakinen alorreko Gipuzkoako kudeaketa aztertuko duela dioten informazioei erantzunez. Dena dela, Aldundiak Europar Batzordearen eskaera ofizialik ez duela jaso argitu du.

Foru Aldundiaren politikak Europak ezarritako hierarkia «zorrotz» betetzen duela defendatu du Errazkinek prentsaurrean. «Izan ere, hierarkia horrek prebentzioari, berrerabilpenari eta birziklapenari ematen die lehentasuna, eta guk horixe egin dugu: hondakinen kudeaketaren oinarria, errausketan ez, prebentzioan, berrerabilpenean eta birziklapenean jarri dugu. Eta, dagoeneko, emaitzak ekarri ditu norabide aldaketak: gero eta hondakin gutxiago sortzen dugu; 40.000 gipuzkoarrek beren organikoa konpostatzen dute; Gipuzkoako 35 udalerrik %70etik gorako birziklatze tasak dituzte; Sasieta mankomunitatea %50etik gora birziklatzen ari da; Tolosaldeak laster jakinaraziko ditu 2013ko datu onak… Europak dioen bezala, birziklapenaren gizartea eraikitzen ari gara Gipuzkoan», nabarmendu du.

Diputatuaren arabera, erraustegi proiektua behin bertan behera utzita, «beste urrats batzuk emango dira», eta horiek ere Europako Batasunaren zuzentarauaren araberakoak izango direla esan du. «Hori da gure norabidea, Europak ezarritako hierarkia, eta horregatik, orain arte bezala, hark lehenetsitako irizpideak indartzen jarraituko dugu. Europar Batzordeak aurrerantzean emango diren pausoei buruzko informazioa nahi badu, prestutasun osoa du Gipuzkoako Foru Aldundiak», adierazi du Errazkinek.

Bestalde, arduraz jokatzeko deia ere egin du: «Europak ezarri bezala, prebentzioan, konspostajean eta birziklapenean aurrerapaso nabarmenak ematen ari gara. Joera interesgarri hori nola lagundu da kontua, eta ez nola bihurritu hondakinen gaia borroka partidistan erabiltzeko».