Josu Imanol Unanue

Enbata berriro

«...agian oraingo gertaerak konpara ezinak direla beste garai batzuetan gertatutakoarekin, baina zaharrek dioten modura, gaur pentsatzen duguna ez da betiko balio duen egia...»

Otsailaren 2an, goizaldean, itsasoak haserrea erakutsi zuen behin eta berriro. Olatuek itsasontzi batzuk hondoratu, eta beren indarraren lekuko gisa, hainbat kai apurtu zituzten.

Jendearen esanetan, inork ez du holakorik bizi izan, baina nik dakidala orain lau edo bost urte ere itsasoak Bermeoko kaia apurtu zuen, itsas murrua hain zuzen eta toki askotatik, gainera. Egun batetik bestera memoria galdu dezakegu eta orain bizitakoak izan daitezke gogorrenak guretzat, baina historiak beste gauza bat dio.

Gure herrian orain gutxi gogoratu genuen 1912ko galarrenaren 100. urteurrena; orduan, 143 arrantzale ito ziren. Halere, izan ziren beste galarren batzuk, 1892an, 1881ean edota 1878ko apirilaren 20an, eta azken honetan 144 arrantzale ito ziren.

Gertatutakoa argudiatzeko, horrela agertu baita Bizkaiko komunikabide batean, apurtutako kaiak ia 200 urte bazeukala esan da eta ordurik ez zuela izan mantentzerik. Bada, 1912. urtean ez zegoen oraindino eginda. Orain apurtu diren kaiaren horma aurreak, harri gehiago jarrita, orain urte gutxi batzuk indartu ziren. Horrela, lehen ohituta geunden etxetik ikusten, negu guztietan, olatuak kaitik erraz salto egiten, baina orain ez da hain ohikoa horrelakoak bizitzea.

Beraz datuak datu, egia da oraingoan bizi izan ditugun kalteak gogorrak eta handiak izan direla. Egia, baita ere, agian oraingo gertaerak konpara ezinak direla beste garai batzuetan gertatutakoarekin, baina zaharrek dioten modura, gaur pentsatzen duguna ez da betiko balio duen egia.

Halere, egia bat ikasi nuen nire aititari entzunda: «Itsasoari kentzen jakona, berak hartuko dau zepaitxe (zerbait) eta nonoiz (inoiz)».

Agian, hori da gertatzen ari dena.