Unai Fernandez de Betoño

Hiriak, olatuen kontra

«...Hemen oraindik arazoa bera ukatzen dugun bitartean, beste herrialde askotan beren hirigintza itsas mailaren igoerara egokitzeko ikerketak eta planak aspalditik egiten ari dira, etorkizunera begirako ikuspegi estrategiko handiarekin...»

Indar handiz kolpatu dute olatuek gure kostaldea, euskal herritar askoren bizilekua. Euskal herritar gehienen, gehiegitxoren, bizilekua, azken hamarkadotan bereziki. Hirutik birena, hor nonbait, barnealdeko lau hiriburuak kenduta, kostaldea lurralde osoaren azaleraren zati txiki bat besterik ez bada ere. Jendearen pilaketa geografiko arriskutsu horrek dakarren lurraldearen artifizializazio mailak zerikusi zuzena eduki du itsas-enbaten eraginekin, eta litekeena da (barkatu apokaliptikokeria) hemendik aurrera egoera asko ez hobetzea.

XIX. mendea baino lehen, itsasoa, merkataritzaren sinonimo izateaz gain, arriskuaren sinonimo ere bazen: erasoaldiak, ekaitzak, itsaslapurrak… Horregatik, hiri handi gehienak barrualdean zeuden. Industrializazioa hasi zenetik, ordea, gutxinaka baina etenik gabe ari da pilatzen jendea kostaldean. Mundu osoan. Itsasoaren bazterreko eguraldi epelagoaren erakarpen gozoari, gainera, Bigarren Mundu Gerraren ostean nonahi sustatutako turismoaren gorakada ere gehitu behar zaio, kostaldearekin harreman berezia garatu duena: itsasoaren alboan egotea, lan egitea, bizitzea, plazerarekin erlazionatu digute marketinaren adituek, eta guk sinetsi. Itsasoaren eta zeruaren urdina omen dugu gustuko.

Urdina ederki gozatzeko, itsasertza bera gogotik urbanizatu dugu: harri-lubetak, hondartza berriak, paseoak, betelanak, aparkalekuak, pasarelak, kirol-portuak… Batzuk ederrak, beste batzuk erabilgarriak soilik, ia gehienak itsas-ekosistemei nolabait lapurtutakoak. Hainbeste, non naturak noizean behin berriz ere bereak direla erreklamatzen duen. Azken denborale honetako txikizio batzuk lehen ere gertatu izan baitira. 1887an amaitutako Zarautz eta Getaria arteko N-634 errepidea, arrazoi turistikoengatik eraiki behar izan zena Gipuzkoako Foru Aldundiaren Sustapen Batzordearen 1881eko txostenaren arabera, urtero birrintzen da, arrazoi bat edo beste dela. 1919an irekitako Donostiako Pasealeku Berria, itsasaldeko Euskal Herriko ibiltoki turistikoen ikurra, halaber, ia urtero hondatzen da (1924an, egunotan agertutako zulotzarraren antzeko bat azaldu zen). Zenbat diru publiko erabiltzen da aipatutako bi bide horiek mantentzeko, behin eta berriz konpontzeko soilik?

Gure hondartzetako hondarra berriz betetzen eta txukuntzen diguten bitartean (Donostiako Zurriolakoak denbora beharko du), klimaren aldaketak eragindako joerari jarraiki, itsasoaren mailak igotzen jarraituko du. Urtean 5 mm, adituek diotenez. 2013ko «Destrucción a toda costa» txostenean, Greenpeacek dio igoera horren ondorioz EAEko hainbat hondartza desagertu egingo direla 2030erako, eta dikeen tamaina (gogoratu zer gertatu den Bermeon egunotan) % 20 handitu beharko dugula.

Hemen oraindik arazoa bera ukatzen dugun bitartean, beste herrialde askotan beren hirigintza itsas mailaren igoerara egokitzeko ikerketak eta planak aspalditik egiten ari dira, etorkizunera begirako ikuspegi estrategiko handiarekin. Nabarmentzekoa da, esaterako, Erresuma Batuko RIBAk (Royal Institute of British Architects) duela lau urte plazaratutako «Facing up to rising sea levels» ikerketa interesgarria. Bertan, Kingston upon Hull eta Portsmouth eremu urperagarrietan zentratuta, hainbat egoera aztertu zituzten, 90 urtera begira, eta hiru jarrera muturreko haztatu: atzera-egitea (giza-kokalekuak barnealdera pixkanaka eta era antolatuan lekualdatuz, itsasoari lapurtutako espazioa itzultzea), babestea (hirien defentsak itsasoaren maila berrira egokitzea, defentsetarako erabilera berriak ere aztertuz) eta «eraso egitea» (itsasoaren gainean hainbat modutan eraikitzea). Euskal Herrian azken bi aukerak soilik ari gara probatzen, hiriak olatuen kontra eraikiz. Beharbada, bada garaia aipatutako lehen aukeran ere pentsatzen hasteko.