NAIZ.INFO
Donostia

Itsas kolpe berri baterako prest da euskal kostaldea

Otsailaren hasierako irudi beldurgarriak errepika daitezke hurrengo orduetan euskal kostan. Alerta gorria iragarri dute bihar goizera arte Bizkaia eta Gipuzkoarako olatuengatik, eta laranja Lapurdirako. Gainera, haizeagatik ere alerta horian izango gara eta baita elurragatik ere (800 metroraino jaitsi daiteke elur kota).

Olatuak portu barruraino sartzen Bermeon, azken denboralean. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Olatuak portu barruraino sartzen Bermeon, azken denboralean. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Olatuak kostaldean eta haizea eta euria izango dira protagonista hurrengo orduetan euskal lurralde osoan. Bizkaia eta Gipuzkoako kostetarako alerta gorria iragarri du Euskalmetek bihar goizeko bederatziak artean, eta laranja biharko egun osorako. Lapurdiko kostan ere alerta laranja iragarri du prefeturak.

Pasa den otsailaren 2ko denboralearen traza, har dezake beraz, euskal kostak hurrrengo orduetan. Milioika euroko kaltea eragin zuen denborale hark euskal kostaldean, oraindik bere osotasunean konpondu ahal ezin diren kalteak. 18.00 inguruan izango da hurrengo itsasgora, eta ordu horretarako espero da lehen kolpe bortitza.

Lapurdin astearteko 10.00ak arte alerta laranja ezarri du prefeturak. Lehendik ere kaltetua dagoen kostaldean eragin handia ian ahal duela denboraleak iragarri dute.

Donostia

Otsaileko denboralean Donostia izan zen kaltetutako hiri nagusia, eta gaur ere neurri bereziak hartu ditu Udalak. Olatuengatik abisu gorrian da gipuzkoar kosta ere eta Udalak kontuz ibiltzeko eskaria egin die kostatik gertu dauden bizilagunei; pertsianak jaisteko gomendioa egin dute eta ahal dela auto pribaturik ez erabiltzeko deia egin dute.

Kursaal zubia ixtea erabaki du Udalak eta lehen hiru zubietan iparraldeko espaloiak ere itxita izango dira hurrengo orduetan. GAinera, Haizearen orrazia, Leizaola pasealekua, Zurriola pasealekua (oinezkoentzat), Ondarreta eta hondartzetara sarrerak ere itxi egingo dituzte. Twitter bidez zuzenean emango du Udalak denboralearen eraginaren berri: @DonostiakoUdala

Olatuak, haizea eta euria

Olatuez gain, euriagatik ere abisu horia iragarri du Euskalmetek. Hurrengo 24 orduetan 60 l/m2-ko espero dituzte, ekialdean bereziki. Haizea ere gogor ibiliko da eta abisu horia iragarri dute. Lapurdin 120 eta 130 km/o-ko abiadura har dezake haizeak eta zerbait ahulago, baina indartsu, ibiliko da barnealdean.

Elurragatik ere abisu horia ezarri du Euskalmetek, gaur 800 metro ingruan egin dezake elurra eta bihar zertxobait gora egingo badu ere (1.000) abisua mantendu dute.

Asteartean ere adi

Astearteko goizeko bederatzietatik aurrera gorritik laranjara pasako dute alerta Bizkaian eta Gipuzkoan, baina tentuz ibiltzeko deia egin dute, hala ere. Egun osoan zehar alerta laranja izango da eta 19.00ak baino lehnxeago izango da itsasgora.