@iontelleria
Donostia

Alerta arindu egingo da baina kalteak utzi ditu denboraleak

Aurreikusitakoa baino arinagoa izaten ari da denborale berri hau baina alerta gorrian jarraitzen du, oraindik, badaezpada, euskal kostaldeak. Kalte handienak Zarautzen eta Biarritzen eragin ditu denboraleak. Donostian itsasotik gertuen diren zubiak itxi egin ditu goizaldean Udalak. Zadorra ibaiak kezka eragin du lehen orduan.

Kalte handia eragin du denboraleak gauean Zarautzen. Irudian malekoia gaur goizean. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)
Kalte handia eragin du denboraleak gauean Zarautzen. Irudian malekoia gaur goizean. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)

Alerta gorria mantendu dute Gipuzkoa eta Bizkaiako kostaldean lehen ordurako eta laranja Lapurdin. Goizeko lehen itsasgorak arindu artean mantendu dute eta arindu arren laranjan izango dute gaur gaua arte.

Lehen kolpean uste baino arinagoa izan da, hala ere, denboralearen eragina eta ez du kalte handirik eragin. Baina izan da kalte dezente jasan duenik ere.

Zarautzen, adibidez, dezenteko kaltea eragin du denboraleak. Lehen orduan Twitter bidez hedatu du kalteen berri Gari Berasaluzek. Baionan, berriz, arazoak sortzen ari dira errepide nagusietan ibaiak gainezka egin duelako. Oraingoan, behintzat, tabernek ez dute kalterik izan.

Biarritze izan da kalte gehien jasan duen beste bat. Gogor kolpatu du itsasoak gauean Casino ingurua. Bertan, Angelun eta Donibane Lohizunen hondartzan sartzea debekatu dute haizearen eraginez.

Bermeo izan da beste kaltetuetako bat. Kasu honetan aurreko denboraldian kaltetu zen morruak ez dio eutsi goizeko itsasgorari eta mugitu egin dira behin-behinean ezarritako hormigoi blokeak. Goizeko olatuek arrantzaleen lonjetan ura sartzea eragin dute.

Donostian lehen orduari aurre egiteko erreskate eta larrialdietako baliabideak prest izan dira ezer gertatzekotan ere aurre egiteko. Gauean 11 metroko olatuak ere izan dira baina goizerako txikitu egin dira. Udalak Kursaaleko zubia itxi du lehen orduan eta baita Mundaizekoa ere; Santa Katalinako zubia ere itxi egin dute lehen orduan erdigunerantz (gutxira irekitzea erabaki dute) eta Maria Kristinakoa irekita den arren kontuz ibiltzeko oharra zabaldu du Udalak. Alde Zaharreko tabernari eta dendariak larri ibili dira bart dena ondo ixten, goizean atzo babestutako sarrerak irekitzeari ekin diote.


Bi dendari sarrerako oholak kentzen goizean Donostiako Aldamar kalean. (@iontelleria)

Ibaiak dira orain tentuz jarraitu beharrekoak. Donostian Urumea inguruan dira adi, Txominenea inguruan gainezka egin baitu lehen orduan. Araban Zadorra ibaira begira dira agintariak, goizeko lehen orduan 2 zm igo da 10 minutu eskasean bere maila. Uribarri Ganboako urtegiak gainezka egin duelako eragin du igoera hori. Hala ere, errepide bakarra moztu behar izan dute horren eraginez, Biloda eta  Trasponte artean.

Nafarroan errepideetan sortu dira arazoak euriaren eraginez. Odron ibaiak gainezka egin du NA-7410 errepidean eta Lizarran hainbat garajetan ura sartu da. Euriaren eraginez hainbat zuhaitzetako adarrak errepidera erori eta mozketak eragin dituzte; Muetz eta Gesalatz artean, Lerinen (zauriturik gabeko auto istripua eragin du kasu honetan) eta Asiainen. Antzeko arazoak izan dira, besteak beste, Igantzin, Aranon, Ultzaman, Lesakan, Zizurren, Amezkoan eta Zulueta-Elorz-en.

Lehen kolpea, uste baino lasaiago

Atzo egun osoan ezarri zuten alerta egoera euskal kostaldean olatuengatik, euriagatik eta haizeagatik. Zarautzen malekoia itxi zuten baina ez zen kalte esanguratsurik izan; hori bai, Zarautz eta Zumaia arteko errepidea (N634) itxi zuten eta modu horretan izango da 13.30 bitartean.

Bermeon ere larri ziren baina itsasoak barrari gain hartu arren ez zen kalterik izan. Getxon, Ereaga hondartza itsasoak irentsi zuen erabat.

Bilbon eta Baionan ibaiek gainezka egin zuten; hiriburu lapurtarrean Baiona Ttipian irten zen Errobi eta Bilbon Deustoibarra inguruan.

Baiona Ttipian Errobik gainezka egin zueneko unea jaso du NAIZ+en ‘Zapi’ blogariak: