amagoia.mujika@gaur8.info

Matxio Xenpelarren jaiotetxeko sutondoan eseri zuen Baserrik

 Jose Luis Erkizia «Baserri» eta atzealdean Xenpelar baserria. Duela hogei urte erosi zuen bertsolaria jaio zen baserria. (Jon URBE | ARGAZKI PRESS)
Jose Luis Erkizia «Baserri» eta atzealdean Xenpelar baserria. Duela hogei urte erosi zuen bertsolaria jaio zen baserria. (Jon URBE | ARGAZKI PRESS)

Jose Luis Erkizia «Baserri», arraun munduan oso ezaguna den errenteriarra, eta bere familia bizi dira gaur egun Xenpelar baserrian. Badira hogei urte baino gehiago Senperelarre erosi eta berritzen hasi zirela. Baserri ederra da egun, dotorea hezur eta mami. Kanpoan irakur daiteke “Xenpelar” eta barruan igarri daiteke haren presentzia bizirik mantentzeko ahalegina. «Nik uste dut margo horren atzean Udalak Xenpelarren heriotzaren 100. urteurrena gogoratzeko egindako lehiaketa bat dagoela. Inguruko margolariei eskatu zien Xenpelarren margo bat egiteko eta iruditzen zait lehiaketa horretan parte hartu zuela Ayaldek», hasi da kontatzen Baserri. Dezente ikertu du Xenpelarren inguruan. Mahaiaren gainera atera ditu liburuak, jaiotze agiriak, errolda agiriak, egunkarietako berriak... Ez dira Xenpelar baserrian topatutako altxorrak –«hau erosi genuenean hemen ez zegoen ezer»– gerora Erkiziak bildutakoak baizik.

Baserria erosi eta Xenpelarren irudi bakar horrekin atzera eta aurrera zebilela, bere emazteak esan zion Ayalderen margoan agertzen zena Matxio zela, oiartzuarra. «Emaztea oiartzuarra da eta Matxio bere etxetik oso gertu bizi zela esan zidan. Eta, nik, ‘Nola? Gizon hori bizi dela?’ Harrituta geratu nintzen eta elkarrizketa bat egin behar niola erabaki nuen». Matxio estropada zalea da eta Baserrirekin arrauna izan ohi zuen hizketagai nagusia hasieran. «Donostiako estropadetan urtero egiten genuen topo. Bi bat urtetan galdetu zidan, ‘Baserri, gaur zeinek irabaziko du?’. Nik esandakoari kasu egin, apustua jokatu eta sosa batzuk irabazi zituen. Eta zorretan bezala zegoen beti nirekin, beti gerturatzen zitzaidan kasu egitera eta arraunaz hitz egitera. Nik, ordea, ez nuen arraunaz hitz egin nahi, nik Xenpelarren margolan horri buruz hitz egin nahi nuen», kontatu du Baserrik. «Egun batean hizketan ari ginela esan nion, ‘ni orain arrauna utzi eta Xenpelar baserria konpontzen ari naiz’, ea lortzen nuen zirikatu eta gai horri buruz hitz egitea. Eta berak, umil-umil, ‘Ba al dakizu Ayalderen margolaneko Xenpelar hori ni naizela?’. Eta ni, pozik, ‘horra iritsi nahi nuen, Matxio, horra’».

Eta hitzordua jarri zuten, Xenpelar baserrian. «2009ko abenduaren 8an, Xenpelar hil zeneko 140. urteurrenean, egin genuen hitzordua. Gure familia eta berea elkartu ginen bazkaltzera. Eta bazkaldu eta gero elkarrizketatxo bat egin nion eta bideoz grabatu genuen. Hori zen nire helburua, Matxioren kontaketa hori gordeta gera zedila», jarraitu du.

Handik hilabete pare batera, baserriaren bueltan lanean zebilela, Julian Albistur hurbildu zitzaion, Oreretako bertso eskolako kidea eta “Xenpelarri falta zaiona” ekimenaren bultzatzailea. «Bertsolari guztiek daukate eskulturaren bat edo bestelako errekonozimenduren bat, eta Xenpelarrek halakorik ez zuela eta, herritar talde bat horren alde lanean ari zela agertu zidan. Matxioren berri kontatu nion eta nik egindako grabaketa utzi nion. Handik hamabost bat egunera Elixabete Perez Gaztelu etorri zitzaidan, ‘Bidegileak’ bilduman Xenpelarri buruz ari zela eta. Eta hark ere ez zeukan Matxioren istorioaren berri. Egia esan azken urteotan Matxioren istorioaren berri ematen saiatu naiz han eta hemen, merezi baitu».

Izan ere, Matxioren berri Oiartzunen badute. Dagoeneko urte batzuk pilatuak dituzten oiartzuarrek badakite Xenpelarren margolan horretan ageri dena Matxio dela. Baina, hortik kanpo, ez da oso istorio ezaguna. «Pentsa, urte hasieran Udalak Xenpelarren eskultura inauguratu zuenean bertso munduko jendea bertaratu zen ekitaldira eta haiek ere ez zeukaten Matxioren berri. Gogoan dut nola harritu ziren istorio hori entzundakoan Xabier Amuriza eta Iñaki Murua, esaterako».

Xenpelarri buruzko bitxikeria gehiago ere azaldu dizkigu Baserrik. Andoni Egaña bertsolariak eta Xabier Lizaso pianistak “Bi arreba” izeneko ikuskizuna sortu zuten duela bi bat urte, Chopinen eta Xenpelarren antzekotasunean oinarrituta. «Emanaldia ikustera joan eta beste datu bat eman nien. ‘Jerusalen de Oro’ abestia, 1967an Sei Eguneko Gerra deiturikoaren ereserki bihurtutako abestia, Xenpelarren abesti baten plagioa dela. Nomi Shemer konposatzaile eta letragile israeldarrak hil aurretik eskutitz batean aitortu zion lagun bati hain famatu egin den abesti horren oinarrian euskal sehaska kanta bat zegoela. Eta badirudi kanta hori Xalbadorren ‘Salbatoreko ermitan’ dela».

Pasioz hitz egiten du Baserrik Xenpelarri buruz eta pozik dago azken urteotan Matxioren berri ere jakin delako Oiartzun eta Orereta inguruan behinik behin. «Ea denon artean merezi duen tokian jartzen dugun Matxio. Izan ere, erabateko umiltasunetik bizi du berak kontua. Ez dut uste askotan esan duenik Xenpelar bera dela. Ingurukoei esango zien, baina ez beste inori».

Irudi eskubideak eta halakoak ez dituela aldarrikatu inoiz, alegia.