NAIZ.INFO
DONOSTIA

Iosu Uribetxebarriaren aurkako «mendeku gosea» gogor salatu dute Arrasaten

Iosu Uribetxebarria etxean preso sartzeko erabakiaren atzean «mendeku gosea» dagoela salatu dute senide eta lagunek Arrasaten. Auzitegi Nazional espainolaren aginduak «helburu politiko eta mediatikoei» erantzuten diela adierazi dute.

Iosu Uribetxebarria, Bergarako epaitegiaren atarian. (Raúl BOGAJO/ARGAZKI PRESS)
Iosu Uribetxebarria, Bergarako epaitegiaren atarian. (Raúl BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

Ismael Moreno epaileak Iosu Uribetxebarria etxean preso sartzeko agindua gogor kritikatu dute senide eta lagunek.

Larunbatean agerraldi jendetsua egin zuten senide eta lagunek, larriki gaixo dagoen arrasatearraren aurkako ebazpena «helburu politiko eta mediatikoei» erantzuten diela salatzeko.

Iragan ostegunean ebatzi zuen Moreno epaileak Uribetxebarria etxean preso sartzea –Bergarako epaitegian deklaratu zuen, bideokonferentzia bidez–, 1986an atentatu batean zendutako guardia zibil baten heriotza arrasatearrari egotzita.

Espetxeratze agindua zuzenbidean oinarrituta ez dagoela ere adierazi zuten, «bere egoera ez delako onera aldatu, txarrera baizik». Osasun egoera larria zela medio, baldintzapeko askatasunean egon da arrasatearra 2012ko abuztuaz geroztik.

Hori guztia dela-eta, Uribetxebarriaren aurka hartutako neurri guztiak bertan behera uzteko eskatu zuten.