NAIZ.INFO
IRUN

Larresoron eta Iruñean egingo diren ekitaldietan parte hartzeko deia egin dute bost indar politikok

Sortu, Aralar, EA, Alternatiba eta ABk aurtengo Aberri Egunean Iruñean eta Larresoron antolatu diren ekitaldietan parte hartzeko deia egin dute, «Euskal Herriak Estatu izateko duen eskubidea aldarrikatuz».

Sortu, EA, Aralar, Alternatiba eta ABko ordezkariak, Irunen. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Sortu, EA, Aralar, Alternatiba eta ABko ordezkariak, Irunen. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Sortu, Aralar, EA, Alternatiba eta ABko ordezkariek agerraldia eskaini dute Irunen, aurtengo Aberri Egunaren harira gogoeta politikoa egin eta Iruñean eta Larresoron egingo diren ekitaldiei babesa adierazteko. Azken herri horretan, Aberri Egunaren bezperan jarri dute hitzordua, apirilaren 19an, Herri Salan, 17.00etan. ‘Euskal Herrian eraiki! Zazpiak bat!’ leloa izango du.

Pello Urizarrek, Amaia Izkok eta Mertxe Colinak hartu dute hitza agerraldian, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez, hurrenez hurren. Nabarmendu dutenez, aurtengo Aberri Eguna une eta testuinguru politiko, ekonomiko eta sozial «esanguratsuan» ospatuko da, erabakitzeko eskubideaeren eztabaida Europan nahiz Euskal Herrian zabalik dagoen unean, hain zuzen ere.

«Oztopo guztien gainetik», Eskozian eta Katalunian prozesu propioak abian daudela gogora ekarri dute, baina, «zoritxarrez», estatu frantsesak eta espainolak Euskal Herrian «sortu den esperantza higatzeari» ekin diote.

Arduraz jokatzeko eta akordio zabalak lortzeko eta bideratzeko garaia da indar politiko horien ustez, «urratsak egiteko eta erabakiak hartzeko garaia».

Ildo horretan, Larresoro eta Iruñeko ekitaldietan parte hartzeko deia egin dute, «Euskal Herriak Estatu izateko duen eskubidea aldarrikatuz».