@arianekamio
Lisboa

‘Revolução dos Cravos’, Portugalgo diktaduraren amaiera ekarri zuen iraultza gaur berrogei urte

‘O 25 de Abril’. Halaxe dakarte gogora portugaldarrek 1926tik 1974ra indarrean egon zen diktaduraren amaieraren data. Berrogei urte betetzen dira gaur Otelo Saraiva de Carvalho eta Vasco Lourenço militarrek altxamendua bultza eta Gobernu hura behera bota zutenetik. ‘Revoluçao dos Cravos’ edo Krabelinen Iraultza izan zen.

Altxamenduan parte hartu zuten militarrak eta herritarrak, gerora sinbolo bilakatu diren krabelinekin. (Wikipedia)
Altxamenduan parte hartu zuten militarrak eta herritarrak, gerora sinbolo bilakatu diren krabelinekin. (Wikipedia)

1974a. Marcelo Caetano Portugalgo boterean, lau urte lehenago hil zen António de Oliveira Salazar diktadorearen oinordekoa. 1926az geroztik indarrean zegoen Gobernua behera bota zuten militar zenbaitek apirilaren 25ean, gaur berrogei urte.

Otelo Saraiva de Carvalho eta Vasco Lourenço ofizialak izan ziren mugimendu hura abian jarri zuten lagunetako bi. Lourenço, egun, Apirilak 25 Elkartearen presidente da. «Bilera batetik bueltan ginela, autoko gurpil batean matxura izan genuen. Goizaldeko 02.00ak ziren eta gurpila aldatzen ari ginela, eskakizunekin eta paperekin ez genuela ezer lortuko esan nion Otelori, Estatu kolpea eman behar genuela eta hauteskundeak deitu behar genituela. ‘Zuk ere hala pentsatze duzu? Hori da egin nahi dudana!’». Eta handik abiatu zen ‘Revoluçao dos Cravos’ edo Krabelinen Iraultzara eramango zituen bidea.

1973an sortu zen Indar Armatuen Mugimendua (Movimento das Forças Armadas) eta Caetanok legezkotzat jo zituen. «Egoera hark antolatzeko eta biltzeko aukera ematen zigun. Ez genuen sekula argi esan orduko Gobernuaren aurka egingo genuenik, baina gure helburua faxismoa behera botatzea zen».

Garai hartan militar asko kexu ziren Portugalgo kolonietako gudetan parte-hartze nabarmena zutelako. Eta aldarrikapen haiek izan ziren iraultzaren sua piztuko zuten lehen txinpartak.

1974ko otsailean egoera azkartu egin zen. Antonio Spinola generalak kolonietako guduetarako irtenbide politikoa proposatu zuen liburu batean eta ideia hark alarma gorria piztu zuen Caetanoren Gobernuan.

Horren ondorioz, Vasco Lourenço Azore Irletara bidali zuten, Atlantiko erdira, Lisboatik 1.500 kilometrora.

Indar Armatuen Mugimenduko buru eta sustatzaile izan zenak altxamenduaren egun seinalatuaren berri ezkutuko mezua zeraman telegrama baten bitartez jaso zuen. «Izeba aurora, Estatu Batuetara noa 25.0300. Besarkada bat, Antonio», zioen mezu hark.

«Telegramaren amaierako zifretan jartzen zuen noiz eta zein ordutan izango zen Estatu kolpea», dio Lourençok.

Irrati bidez jarraitu zuen Portugalgo etorkizuna aldatuko zuen altxamendu hura. Otelo bertan zen. «Oteloren lekuan banengo zer egingo nukeen pentsatu nuen eta irrati katea hartu beharko genukeela otu zitzaidan. Horixe egin nuen, irratia entzuten igaro nuen gau hura».

Krabelina ikur

«Agiri bat entzun nuen irrati batean, medikuei eta erizainei ospitaleetara joateko dei egiten ziena. Ez nekien gureak ote ziren. Minutuak pasa ziren, niretzat orduak bezala, martxa militarra gelditu zuten eta gure kideen ahotsa entzun nuen. Erotu egin nintzen!».

Krabelina gertaera haien ikur bihurtu zen kalera irten ziren herritarrek altxamendua gauzatu zuten militar matxinoekin bat egin ondoren. Soldaduek beren fusilen ahoetan jarri zituzten lore haiek, bakearen ikur gisa.