NAIZ.INFO
DONETSK

Donetsk eta Lugansk eskualdeetan Ukrainatik bereizteko erreferenduma abiatu dute

Hautestontziak zabalik dira Ukraina ekialdeko Donetsk eta Lugansk eskualdeetan. Nazioarteko komunitatearen kontrako jarrerarekin eta Kieven Gobernuaren aldeko eta aurkakoen arteko liskar artean abiatu da galdeketa. 7,3 milioi herritarrek dute bozkatzeko aukera eta %70 inguruko parte hartzea espero dute galdeketaren antolatzaileek.

Normaltasunez ari dira bozkatzen Donetsk-en. (GENYA SAVILOV / AFP)
Normaltasunez ari dira bozkatzen Donetsk-en. (GENYA SAVILOV / AFP)

Azken egunetako tentsioak lagundurik abiatu dituzte Ukrainako Donetsk eta Lugansk eskualdeetan erreferendumak. Herritarrek Ukrainan geratu, Errusiara batu ala independentzia aldarrikatzeko aukeren artean hautatu ahalko dute bi eskualdeetan zehar zabaldu dituzten 60 hauteslekuetan.

Europako Batasuneko hainbat ordezkarik galdeketen aurkako jarrera agertu dute. Atzo François Hollande frantziar presidentea eta Angela Merkel alemaniarrak adierazi zuten euren kontrakotasuna, maiatzaren 25ean izango diren Ukrainako presidentetzarako hauteskundeak direla zilegi esan zuten.

Gainera azken egunetan haziz joan den tentsioak ere ez du erraztuko galdeketa. Hautestontziak irekitzearekin batera tiro trukea izan da Slaviansk hirian eta hainbat hautesleku aldatu eta leku seguruagoetan diren beste batzuekin elkartu dituztela adierazi dute berri agentziek.

Parte hartze handia

Oztopoak ozpoto tokiko 8.00etan hautestontziak ireki egin dituzte eta herritarrak bozkatzera joaten ari dira. Lehen datuen arabera parte hartze handia izaten ari da. Lugansk eskualdean %65 ingurukoa izan da eguerdirako eta %32 ingurukoa Donetsk-en. «Gure aurreikuspen denak gainditu ditu parte hartzeak, oso pozik gaude», esan du Roman Liaguin hauteskunde batzordeko buruak. Galdeketa bortizkeria eta gerra areagotzea ekiditeko bide bakarra dela esan zuen atzo Liaguinek eta balizko baiezko batek ez duela zertan esan nahi Errusiara batuko direnik: «galdeketa Kieveko Gobernuak abiaturiko gerrari erantzuteko modua da». Eskualde hauen erabakitzeko eskubidearen egikaritzea dela finean esan zuen.

Galdeketaren emaitza ez dutela gaur gauean emango iragarri du Liaguinek, parte hartze datuak, soilik, iragarriko dituztela.