Naiz.info
Gernika-Lumo

Ibilaldiak 6,5 kilometrotako ibilbidea izango du, lau gunerekin

Ekainaren 1ean Gernika-Lumoko Seber Altube ikastolak antolatuko duen Ibilaldiak 6,5 kilometrotako bidea izango du eta lau gune antolatuko dira bertaratuko direnentzat.

Ibilaldiaren egitaraua eta ibilbidea aurkeztu dituzte. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Ibilaldiaren egitaraua eta ibilbidea aurkeztu dituzte. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Ekainaren 1ean Gernika-Lumon egingo da 2014ko Ibilaldia ‘Euskararen Bihozfera’ lelopean. Seber Altube ikastolak gaur eman ditu jakitera ibilbidearen nondik norakoak. 6,5 kilometrotako luzeera izango du eta 09.30ean irekiko da Europako Herrien parkean ekitaldi nagusi batekin.

11.00etan, bestalde, omenaldia egingo zaie Zimela jatetxean euskalkien alde lan egin duten elkarte eta erakundeei.

Ibilaldian lehen aldiz, ikastolen arteko ‘Erronka’ ospatuko da. Bizkaiko ikastoletako ikasle ezberdinek euren artean proba ezberdinetan parte hartuko dute lehia horretan.

Guneen banaketa eta egitaraua ere jakitera eman dituzte gaur. Lau izango dira guztira ibilbidean barreiatuko diren guneak. Bata Seber Altube ikastolan bertan egongo da, eta besteak pasealekuan, Lurgorrin eta Foruan.

Gose, Esne Beltza, The Uski´s, Arrutiko Intxaurrak, Itziarren Semeak eta Anje Duhalde zuzenean ariko dira, besteak beste.

Ekainaren 1ean jende andana gerturatzea espero dute antolatzaileek eta garraio publikoa erabiltzeko gomendioa luzatu dute.