oihana.llorente@gaur8.info
Elkarrizketa
Alfonso Sastre
Isildutako ahots handia

«Printzipio handiekiko fideltasuna beharrezkoa eta egingarria dela erakutsi dit Euskal Herriak»

Isiltasunean egiten du hitz eta zentsura pitzatuta lortu du oihartzuna. Estatu espainoleko antzerkigile handiena den madrildar honek gurean aurkitu du aberria.

Alfonso Sastre, bere Hondarribiko etxean. (Jon URBE/FOKU)
Alfonso Sastre, bere Hondarribiko etxean. (Jon URBE/FOKU)

Liburu harresi batek inguratzen du egunero. Milaka alek kukuka agurtzen dute, eta, liburuei eusten, irribarrez begiratzen dioten galtzada-harriak daude. Hautsak estali ez duen idazmakina eta “Escribidero” etiketaren azpian ordenagailu modernoago bat ezkutatzen dira bere erreinuan. Leihoetatik Kantauri itsasoa arrotzen zaio, eta, Sastreren oinen azpian, Hiru argitaletxea zenaren errautsak daude oraindik.

Makilaz lagunduta egiten du aurrera Estatu espainoleko antzerkigile entzutetsuenak, berak dioen bezala, Eva Forest izar gidaria ondoan duela. Astelehenean zazpi urte beteko dira Eva hil zenetik, baina, hala ere, bere presentzia «modu ezin intimoagoan» sentitzen du oraindik.

Liburutegi erraldoi honetan pasatzen dituzu egunak.
Bai, orduak lanean ematen ditut hemen, baina, lana baino, jolasa da hau niretzat.

88 urte beteta liburutegian igarotzen duzu eguna, haurtzaroa, baina, ohean igaro zenuen.
Umetan pleuresia jasan nuen; biriketako gaitza da, eta atseden hartzera behartzen ninduen. Denboraldi luzeak ematen nituen ohean, eta, liburuz inguratuta nengoenez, irakurtzen hasi nintzen. Dena zegoen ni irakurtzen hasteko prestatuta. Patua izan zen. Nire aita, gainera, zaletasunez aktorea izandakoa zen eta etxean genituen liburu gehienak berak antzeztutako obrak ziren.

1936ko gerra ume zinela bizi izan zenuen.
Gudak eztanda egin zuen unean 10 urte nituen. Moja-etxe baten parean bizi ginen Madrilen, eta, guda pil-pilean zela, talde anarkista bat komentuan sartu eta liburuak leihotik behera jaurtitzen hasi zen. Ni kalean nengoen, jolasten, baina, liburuak ikusita, haiek harrapatzen hasi nintzen. Horrela hasi nintzen gaur egun dudan liburutegia eraikitzen. Ebatsitako liburu horien artean Henrik Ibsenen ‘Espectros’ zegoen; sekulako obra da eta nigan eragin handia izan du. Pentsa, harrapaketa horretan egon ez balitz, agian ez zen inoiz nire eskuetara iritsiko. «Ni eta nire zirkunstantziak naiz ni» zioen Jose Ortega y Gassetek, eta halaxe da nire kasuan ere.

Antzerkiaren munduan murgiltzen 40ko hamarkadaren amaiera aldera hasi zinen. Nola gogoratzen dituzu lehen urte haiek?
Eguneroko praktikan lekua hartzen ari zen izar laino baten antzera. Egiazko bokazio filosofiko eta literarioa zuen pentsamenduak aurrera egiten zuen nebulosa giro horren baitan, eta, antzerkiak, noski, leku berezia izan zuen horretan. Hori guztia Arte Nuevo deitu genuen taldearekin eta haren inguruan gertatu zen. Arte Nuevo Madrilen aritu zen lanean 1946 eta 1948 artean.

Estatu espainoleko antzerkigile ezagunenetakoa zara eta dozenaka dira idatzi dituzun lanak. Zer erantzungo zeniguke lan horietako bat hautatzeko bidegurutzean ipiniz gero?
Horretarako gauza ez naizela erantzungo nuke, baina estreinatu ez diren obra batzuekiko atxikimendu berezia dut; ez dira gutxi gainera. Izenburu bat esateko tematuz gero, ‘El camarada oscuro’ esango nuke.

Zuk zeuk aitortu duzu «bazterketaren xarma apalean» aurkitzen zarela. Isildutako idazle bat zarela uste duzu?
Ez beste adiskide batzuk baino gehiago!

Ia 80 dira idatzi dituzun antzerki obrak. Horietatik erdiak baino ez du egin oholtzarako bidea, eta, agertokietara iritsi diren lanak, gainera, ez dira baldintza egokienetan heldu. «La sangre y la ceniza» obraren estreinaldian, adibidez, lehergailu batek egin zuen eztanda.
Carabanchelen nengoen preso Miguel Cervet zientzialariaren bizitza jasotzen duen lana idatzi nuenean. Zentsuratua izan zen idatzi eta berehala, baina, 1976an, Juan Margalloren El Búho taldeak oholtzara eramatea erabaki zuen. Bartzelonan izan zen estreinaldia, Villarroel antzokian hain zuzen. Eta funtzioa hasi aurretik egin zuen eztanda lehergailuak. Antzezleek adore handia erakutsi eta aurre egitea erabaki zuten.

Zergatik ez dira zure obrak antzoki ofizial eta agertoki komertzialetara iritsi?
Noizbait bai iritsi dira, baina, egiazki nire idei politikoek bidea zaildu egin dute.

Intelektualek gizartearen gaineko ardura morala izan behar dutela uste al duzu?
Horrela pentsatu izan dut beti. Hobe esanda, idazten hasi eta berehala hasi nintzen horrela pentsatzen. Adiskide batekin batera ‘Teatro de Agitación Social (TAS)’ manifestua argitaratu nuenetik are eta sinistuago nago horrekin.

Zineman ere aritu zara lanean.
Bai, nire familiak eta nik neuk jan beharra ere bagenuen eta! “Carmen la de Ronda” pelikulan aritu nintzen, adibidez, gidoilari lanetan. Orduko 150.000 pezeta ordaindu behar zizkidaten eta hantxe aritu nintzen Sara Montiel protagonista zuen pelikulan. Nik egindako lehen gidoiaren arabera, Sara hil egiten zen pelikularen amaieran. Gidoia egiten nuen bitartean, Sara Amerikan zegoen, eta, produktoreek zirriborroa irakurri zutenean, Saritari hiltzea ez zitzaiola gustatzen erantzun zidaten. Nik kobratzearren nahiko zuten amaiera idatziko niela esan eta hiru amaiera desberdin egin nituen. Azkenean, zuzendaria aldatu eta nik idatzitako ia ezer ez zuten erabili; filmeko kredituetan «Alfonso Sastreren idei batean oinarritutako filma» zela zioten, baina ez dakit non gelditu zen ideia hura! Baina ordaindu, behintzat, ordaindu zidaten!

Urteak dira antzerki lanak idazten ez dituzula. Ezjakintasunaz nazkatu al zara?
Idazterakoan ez dut besteen ezjakintasuna aintzat hartzen. Hori bai, ni neu ezjakin bat izateko ahaleginak egiten ditut. Herri xehea ergela dela esan eta herriari atsegin emateko ergelentzat idatzi behar dela defendatzea lelokeria da. Lope de Vegak esandakoa, baina, finean, ergelkeria hutsa. Egia da denbora asko daramadala antzerki obrak idatzi gabe. Gaur egun, alabaina, badira antzerkiak baino gehiago erakartzen nauten gaiak, eta horiei eskaintzen diet nire denbora.

Horrenbestez, zertan zabiltza uneotan?
Nire azken liburuak orain gutxi ikusi du argia: ‘Hacia un socialismo de las multitudes?’ (Hiru, 2013). Izenburuak edukiaren berri ematen du eta kaleetan erditzen ari den prozesu iraultzaile baten atarian egon gaitezkeela defendatzen du liburuak. Gaurkotasun handiko gai zoragarria, zalantzarik gabe.

Jendarte justuago batekiko konpromisoak sozialismoaren inguruan idaztera eraman zaitu behin baino gehiagotan. Zeintzuk dira, zure ustez, sozialismoaren egungo erronkak?
Sakoneko eta epe luzeko erronka, nire ustez, jendarte komunista baten oinarrien irekiera da, ez gehiago baina ezta gutxiago ere.

Kartzela behin baino gehiagotan ezagutu duzue bai zuk eta baita Eva Forestek ere. Zure alaba Evitak ere barrutik ezagutu zuen espetxea.
Duintasun kontua izan zen. 1962. urtea zen eta Asturiasen greban zeuden meatzariei elkartasuna helarazteko emakumeen mobilizazio bat egin zuten Madrilen. Bertan parte hartzeagatik atxilotu eta isuna ezarri zieten hainbat emakumeri, tartean Evari. Eta hura ez ordaintzeko konpromiso sendoa erakutsi zuen Evak. Hamabost egunez espetxera eraman zuten, eta, Evita bularreko umea zenez, amarekin igaro zituen egun horiek espetxean.

Zerk lotu zintuen Euskal Herrira? Eta Txingudiko badiara?
Espetxetik atera eta berehala erabaki genuen Eva eta biok Euskal Herria gure etxe bihurtuko genuela. Printzipio handiekiko fidela izatea beharrezkoa izateaz gainera, egingarria ere badela erakutsi zigun Euskal Herriak. Eta ergelak ez garenez, badia eder hau hautatu genuen gure etxe moduan. Euskal Herrian bizitzearen erabakia, beraz, ulerterraza da.

Behin baino gehiagotan nabarmendu duzu Euskal Herriaren eta zure artean elkartasun truke bat izan dela. Zer eman dizu zehazki herri honek?
Arestian aipatutakoren ziurtasuna eman dit.

Eva Forest ezagutzeak bizitza eraldatu zizula esan duzu behin baino gehiagotan. Zer zen Eva zure bizitzan?
Nire lagun handia izan da beti, bai eta izar gidari bat ere. Eva idazle handi bat izan zen, eta bere bizitza osoa mirariak egiten igaro zuen. Bere balioa ziurtatzea erraza da: hortxe daude bere liburuak.

Astelehenean zazpi urte beteko dira Eva Forest hil zenetik. Nola daramazu?
Une oro dut bidelagun eta beti egongo da nire alboan! Nire bidean argia isurtzen jarraitzen duen izarra da Eva. Bere presentzia modu ezin intimoagoan sentitzen jarraitzen dut oraindik, egunero-egunero gainera.

Hiru seme-alaben aita, aitona eta birraitona ere bazara.
Birbiloba bakarra dut oraingoz, bi urtetxo betetzear da eta harekin nagoenean hari eskaintzen diot arreta guztia. Oraingoz bederen ez die liburuei kasu askorik egiten. Harritzen nauen kontua da hori, ez pentsa!

Joan den astelehenean Madrilen egin moduan, etzi, Madrileko aktoreek omenalditxo bat egingo dute Hondarribian, zure eta Eva Foresten omenez. Zer suposatuko du horrek?
Eszenako munduarekin ezkontza berri bat bezalakoa izango da, eta nire lagunekin gustura asko egongo naiz. Aleluia!

Zure lanak ikertu eta saritzen dira, baina, ez dira gehiegitan antzezten. Aitorpenak konpentsatzen al du?
Inoiz ez dut nire bokazioa aitorpen terminoetan aztertu. Aitorpen hori eman denean, alabaina, noski izan dela poztasun iturri, batik bat nire lanak beste hizkuntza batzuetara itzuli dituzten bakoitzean. Idazleontzat, izan ere, plazer izugarria da itzuliak izatea.


OMENALDIA. Astelehenean zazpi urte beteko dira Eva Forest zendu zenetik. Bere izena eta izana gogoratzeko eta Alfonso Sastreren ibilbide oparoa omentzeko, ekitaldia izango da 19:00etan Hondarribiko Itsas Etxean. Madrileko antzerki munduko lagunak ari dira omenaldia prestatzen. Joan den maiatzaren 12an Sastreren jaioterri den Madrilen bertan egin zuten lehen omenaldi bat.