Oihana Llorente

Alfonso Sastreren bizitzaz zertzeladak

Alfonso Sastre. (Gorka RUBIO/FOKU)
Alfonso Sastre. (Gorka RUBIO/FOKU)

1926ko otsailaren 20an Madrilen jaio zen Estatu espainoleko antzerkigile entzutetsuena den Alfonso Sastre Serrador. Salamancako igeltsero sendi bateko alaba zuen ama, eta, aita, Murtziako gizasemea; herritar umilen emigrazioaren semea da, beraz, Alfonso.

Aita aktore izandakoa zuen, eta Alfonso txikiaren irakurzaletasunak azkar eraman zuen aitaren antzerki obretara. Kultur munduarekin harremana estutzera eramango zuten adiskideak egin zituen eskolan, eta, haiekin, lagun artean, ibili zuen Maravillas antzokirako bidea. Bertan izan zen ikuskizun eta entseguen testigu, eta bertan utzi zion ikusle huts izateari. Oraindik hogei urteak beteak ez zituen Sastrek arkatza zorroztu eta bere lehen antzerki lanak idatzi zituen. Oholtzan eragiteko eta hura iraultzeko grinak, baina, azkar aldarazi zion norabidea eta Arte Nuevo abangoardia antzerkiko laborategia osatu zuen. Gerora, Frankismoaren kontrako posizio argia hartu eta ‘Teatro de Agitación Social (TAS)’ manifestua erditu zuen.

Eraso eta bonbardaketa artean igaro zuen haurtzaroa, eta, gaztaroa, Frankismo gori-gorian. Aita eta lagun gehienak kontserbadoreak zituen arren, azkar hartu zuen Sastrek ezkerrerako norabidea eta bere ikuspegi politikoek bere lanak blaitu eta salaketaren lerroan ipini zituen. Garai hartakoa da ‘Uranio 235’, adibidez, Hiroshima eta Nagasakiren bonbardaketen ostean idatzia. 1953an, ordurako Filosofia eta Letretan lizentziatuta, ‘Revista española’ aldizkariko koordinatzaile bihurtu zen.

1956an, Eva Forestekin ezkondu eta berehala, Unescoren beka bat baliatuz, Parisera alde egin zuten. Madrilen, ikasle mugimenduan aritzeagatik auzipetuta zegoen Alfonso. Erbestean jaio zen bikotearen lehen semea: Juan. Eta bertan erabaki zuten PCE Espainiako Alderdi Komunistan izena ematea.

1966 an Carabancheleko ziegak ezagutu zituen Sastrek, baina horrek ez zuen bere izaera iraultzailea itzali. Urtebete geroago, Evarekin batera, Vietnamekin elkartasunezko komitea osatu zuen, eta, 1974aren bueltan, Euskal Herria deskubritu zuen bikoteak. Errepresioaren itzalak harrapatu eta Carrero Blancoren heriotza tarteko, espetxean bukatu zuten biek. Sastrek zortzi hilabete eman zituen espetxean eta Burdeosen erbesteratuta itxaron zion Evari. 1977an, Baionan, euskal iheslarien aldeko gose greban parte hartu ostean, Telesforo Monzonek Sastreren euskal naziotasuna aldarrikatu zuen. Eva espetxetik aterata, itzulerarik izango ez zuen Euskal Herrirako bidaia egin zuten elkarrekin.

1985ean Antzerkiaren Sari Nazionala eskuratu zuen Sastrek lehen aldiz –1993an ere jasoko zuen geroa–. ‘La taberna fantástica’ arrakasta handiena eskuratuko duen Sastreren obra 1985ean bertan estreinatu zen. Asko dira garai honetan idatzi zituen lanak, asko antzerki obrak baina baita entsegu liburuak eta olerkiak ere. Asko idatzi arren, idazle isildua da Sastre. Bere ahotsak oihartzuna izan zezan, Eva Forestek Hiru argitaletxea sortu zuen 1989an.

1996an ASKE elkartea osatzen da: Alfonso Sastre Kultur Elkartea. Hausnarketarako abagune diren jardunaldiak antolatuko ditu elkarteak urtero-urtero, 2010era arte. 1998an Guardia Zibilak itxitako ‘Egin’ egunkariaren erreleboa hartu zuen ‘Euskadi Información’ egunkariko lehendakaria izan zen Sastre,

2003. urtean, Ohorezko Max Saria eskuratu zuen Sastrek. 2009ko Europako Parlamenturako hauteskundeetarako ezkerreko abertzaleek osatutako Iniziatiba Internazionalista koalizio politikoko zerrendaburua ere izan zen.