Naiz.info
Elorrio

Elorrioko Udalak diru laguntzak kendu dizkie presoen senideei

Aurtengo urtarrilean Elorrioko Udalak sakabanaketaren gastuak arintzeko diru partida deuseztatzea erabaki zuen. Herritarrek 1.420 sinadura bildu dituzte hautu horren aurka eta sakabanaketak dirauen bitartean senideei laguntzen jarraitzek galdegin diote.

Senideek Elorrion eman dute prentsaurrekoa. (NAIZ)
Senideek Elorrion eman dute prentsaurrekoa. (NAIZ)

Azken hamalau urteetan presoen senideek sakabanaketaren gastuak arintzeko diru laguntza jaso izan dute Udalaren aldetik.«Eorrioko Udalak azken 14 urteetan, Gobernuan edozein alderdi egon delarik (gaur egun EAJ), sakabanaketak senideentzako suposatu duen gastuan laguntzeko diru laguntza eman du», adierazi dute prentsaurrean. «Ez du balio izan gastu guztiei aurre egiteko –gaineratu dute–, baina oso lagungarria izan da».

Pasa den urtarrilean, ordea, diru partida hori deuseztatzea erabaki zuen Udaletxeak eta, erabaki horrekin desados, senideek 1.420 sinadura bildu dituzte azken asteetan.

Ildo horretan, Elorrioko Udalari sakabanaketak dirauen artean «jarrera aktiboa» izatea eskatu diote eta, azken 14 urteetan bezala, senideei diru-laguntzak ematen jarraitzea galdegin dute. Horrez gain, hurrengo udalbatzan gaia lantzea eta senideen eskaera aintzat hartzea eskatu diote.