Ainara LERTXUNDI
Elkarrizketa
Aitor Bikandi
Askapenako kidea

«Hiru kolonoen bilaketaren aitzakiarekin, 1.500dik gora etxetan sartu dira indarrez, 500dik gora pertsona atxilotu dituzte...»

Aitor Bikandi, Askapenako kidea, Hebronen da ekainetik. Etxeko ateak zabaldu dizkion familia palestinarrak soldaduen miaketa eta kolonoen erasoak bi alditan pairatu ditu ekainetik. Hiru kolonoen gertaera baliatuz, militarizazioa eta mehatxuak areagotu direla salatu du GARArekin egindako elkarrizketan.

Lehenik eta behin, zer moduz zaude?

Ondo nago, nahiz eta asteazkenean bertan soldadu batzuen jipoia jaso nuen. Gaueko ordu batean, Hebrongo Tel Rumeidan auzoan bizi naizen palestinarren etxera itzultzen ari nintzela, 25 metrora egon ohi den soldadu talde batek geldiarazi, identifikatu, arakatu, mugikorrean nituen argazki guztiak ezabatu eta jo egin ninduen. Testuingurua alde zuten: gaua zen, kaleak hutsik zeuden, lekukorik gabe... Hona iritsi nintzenetik, atxiloketak eta bestelako egoerak grabatzen jardun dut; beraz, honezkero ezagutzen nautela uste dut. Hebronera heldu nintzenetik, nire familia palestinarrak militarren miaketa eta kolonen erasoak bi alditan pairatu dituzte. Hiru kolonoak aurkitu baino egun bat lehenago, etxean sartu ziren goizeko laurak aldera. Horien bila zebiltzanez, sofa azpian, armairu barruetan... miatu zuten. Kolonoak aurkitu zituzten egun berean, kolono talde bat etxeko atarian azaldu zen gure kontra jarrera erasokorra erakutsiz. Ohi den bezala, soldaduen babesa eta laguntza izan zuten. Oso egoera deserosoa eta bortitza izan zen. Nahiz eta gauza larririk ez gertatu, beste kasu batzuetan nabarmentzekoa izaten da soldaduen papera, kolonoen laguntzaile gisa.

Zein da Hebrongo egoera?

Tentsio handikoa da. Gainera, okupazioaren ondorioak areagotu egin dira. Hiru kolonoekin gertatutakoaren ondoren, askoz bortitzago jokatu dute bai kolonoek bai soldaduek. H2 gunean egoera asko zailtzeaz gain, H1 gunera ere sartu dira militarrak. Lehen bost gauak bereziki zaratatsuak izan ziren, hirian zehar zabaldu ziren liskarrengatik. Hainbatetan itxi dituzte hiriko sarrera eta irteerak, eta orokorrean zigor kolektiboaren neurriak gero eta gogorragoak dira. Gogora ekarri nahiko nituzke Hebrongo Halhoul auzoan bizi den 15 urteko Mohammad Dudeen gaztea (bere hiletan egon nintzen) eta hiru kolonoak hilda aurkitu eta gero Halhoul auzoan zigor bezala eraitsitako familien etxeak. Palestina osoan horiek bezalako hamaika adibide daude. Hiru gazte horien bilaketaren aitzakiarekin, 1.500dik gora etxetan sartu dira indarrez, 500dik gora pertsona atxilotu dituzte, horien artean Gilad Shalit soldadu israeldarraren truke askatutakoak, Samer Issawi (Palestinako historian gose grebarik luzeena egin duen presoa, 9 hilabete) eta Shireen Issawi, presoen abokatua, edo Samer-en beraren arreba; 15 elkarte itxiarazi dituzte, nazioarteko eragileei eraso egin diete. Egunean zehar F16 gerra hegazkinak entzun ditugu eta, gauetan, dronen soinua ere bai. Batzuetan, ikusi eta guzti egiten ditugu.

Nola bizi dira bertatik Gazaren kontrako aire erasoak?

Ardurarekin. Palestinarrek beraien artean sare telematiko sendoa eraiki dute; Gazan, Ekialdeko Jerusalemen edo Palestinako beste edozein txokotan gertatzen ari denaren berri dute berehala. Presentzia handia du kaleko jendeak ekoizten duen informazioak (ni neu bertako eragileekin nabil lanean, hasieran aipatu dudan bezala, eskubide urraketa eta bestelakoak grabatu, editatu eta zabaltzen). Batez ere sare sozialak baliatzen dituzte horretarako. Gazako erasoak gertakari larriagoetara eraman gaitzakeen susmoa hedatuta dago. Azken egunetan, Hebronen egon diren liskarrek batez ere Gazako erasoak berpiztu dituzte. Palestinarrek harriak eta Ramadan garaian nahiz ezkontzetan erabili ohi dituzten su artifizialak erabiltzen dituzte soldaduei aurre egiteko edo horiek zirikatzeko. Erasoaldi honek bi esparrutan egin du aurrera, esparru militarrean eta komunikabideen esparruan: Batetik, legitimazioa lortzeko, afektibotasun eta gizatasunari heldu dio Netanyahuren Gobernuak, nazioarteko komunikabideak bidelagun izanik. Bestetik, militarizazioa indartu da lurralde osoan, kaleetan -miaketak, atxiloketak, jipoiak eta oro har jazarpena areagotuz-, israeldarren eta kolonoen artean gorrotoaren arrazoibidea eta arabiarren kontrako erasoak bultzatuz. Hebrongo kolono batek bederatzi urteko neskato bat autoarekin harrapatu zuen; era berean, Haifan bi hildako izan dira: Jerusalemen «Death to arabs» lelopean manifestazioak egin dituzte...

Oihartzun handiena izan duen gertaera Mohammed Abu Khdeir-en heriotza izan da. Ekialdeko Jerusalemgo Suhafat auzoko 16 urteko gaztea bahitu, torturatu, gasolina edatera behartu ondoren, su eman zioten. Gertaera horrek argi gorriak piztu ditu gizarte palestinarraren baitan, oldarraldiak eraginez eta nazioarteko komunikabideetan leku txiki bat hartuz. Mesfidantza handia dago kalean, batez ere hiru kolonoekin benetan gertatu zenaren inguruan. Argi dagoen gauza bakarra da erasoaldiaren intentsitateak gora egingo duela, dagoeneko Gazaren kontrako operazioak izena ere badu, 2009ko sarraskia gogoraraziz.