NAIZ

PPren espetxe politikari «txeke zuria» ematea egotzi die Sortuk Fernandezi eta EAJri

Sei hilabeteko balantzea eta urrirako «presoen gizarteratzea laguntzeko» ‘Hitzeman’ planaren aurkezpena iragarri ditu Jonan Fernandez Lakuako Bake eta Elkarbizitza idazkari nagusiak. Sorturen ustez «irakurketa okerra eta maltzurra» egiten du Fernandezek konponbiderako prozesua «bi muturren artean kokatzen» duelako, PPren Gobernua denean «bakerako aukera etengabe zapuzten ari dena».

«PPren espetxe politikari txeke zuria ematen jarraitu nahi badute, Fernandezek eta EAJk ez dezatela gurekin kontatu» esanez erantzun dio Sortuk Lakuako Gobernuaren Bake eta Elkarbizitza idazkari nagusiak goizean egin duen bake bidean egindako balantzeari.

Alderdi independentistaren ustez «okerra eta maltzurra» da Jonan Fernandezek egin duen irakurketa «bi muturren artean» kokatu duelako konponbiderako prozesua eta «ez daudelako bi mutur, bakarra baizik, PPren Gobernua, bakerako aukera etengabe zapuzten ari dena».

Espainiako Gobernua bakebiderako jartzen ari den oztopoak «estali eta ekimen ezan murgilduta» egotea egotzi dio Sortuk EAJri. Udazkenerako Fernandezek iragarri duen ‘Hitzeman’ proposamenaz esan du sei hilabete «galdu» dituela. Udazkenetik aurrera presoen eskubideen defentsan lan egiteko prest badago «ondoan» izango duela Sortu esan du alderdi abertzaleak ohar bidez.