NAIZ

Lakuak «Zuzen Bidean», espetxe politika eraldatzeko proposamena, aurkeztu du

«Zuzen Bidean» izeneko proposamenak hogei neurri zehatz proposatzen ditu zigor eta espetxe arloan «salbuespena gainditu eta normaltasunera itzultzeko».

Jonan Fernandezek aurkeztu du proposamena. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)
Jonan Fernandezek aurkeztu du proposamena. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)

Eusko Jaurlaritzak «Zuzen Bidean» proposamena aurkeztu du gaur Jonan Fernandezek zuzentzen duen Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren bidez. Aipatutako agiriak hogei proposamen biltzen ditu, «normaltasuna berrezartzeko zuzenbide penalean eta espetxe-zuzenbidean».

Azaldu dutenez, «Zuzen Bidean» proposamenean lege-aldaketarik behar ez duten espetxe-politika aldatzeko hamar iradokizun planteatzen ditu, eta arlo penalean zein espetxe-arloan legea aldatzeko beste hamar iradokizun.

Lege aldaketarik behar ez duten proposamenen artean, Jaurlaritzak espetxeen eskumena transferitzea eskatzen du; presoak bizilekuetatik gertu dauden espetxeetara hurbiltzea; legea aplikatzea gaixorik dauden presoen kasuan; seme-alabak dituzten presoak elkartzea espetxe batean; 70 urtetik gorako pertsonei baldintzapeko askatasuna ematea eta espetxe onurak aplikatzea, beste proposamen batzuen artean.

Aldatu beharreko legeen arten, inkomunikazioarekin amaitzea eskatzen da eta tortura salaketak ikertzea eta zigorren proportzionaltasunaren inguruan Europako Kontseiluaren eta Nazio Batuen Kontalakariaren gomendioei kasu egitea proposatzen da.

Proposamenaren helburua «bidezidorrak baztertzea eta zuzenbidearen bideari berriro ekitea» dela azpimarratu dute eta planteamendu «eraikitzailea, eta elkarrizketa eta hitzarmenera irekitakoa».

Eusko Jaurlaritzak gai horri buruzko elkarrizketa hasi nahi du Espainiako Gobernuarekin, operadore juridikoekin, legebiltzarreko taldeekin eta gizarte-eragileekin