@gara_miantzi
DURANGO

Ikasle eta galdera tsunamiaren ondoren, barealdia Durangon

Durangoren irekiera «apur bat zoramena» izan da. Ateak ireki eta berehala ikasle tropela sartu da Landako erakustazokan, denak etxeko lan edo fitxak eskuetan eta mila galdera eginez: Noiztik antolatzen da Azoka? Zeinek egin du kartela? Zenbat argitaletxe daude?… eta, denetan onena: zein da gehien saldu den liburua?

Euskal Herriko 36 ikastetxetako 1.170 ikaslek parte hartu dute Ikasle Egun honetan, eta goizeko hamar eta erdietan ateak ireki dituztenean eromena izan den bezala, bazkalordua hurbildu ahala giroa baretzen joan da. Haurrak nekatuta eta gosetuta daudela sumatzen da, batzuk erdi aspertuta ere bai, ateratzeko gogoz.

Erran bezala, eurak izan dira orain arteko protagonistak eta 30 saiotik gora egon da eurentzat hainbat gunetan banatuta. Adibidez, Azokaren txoko batean, plato bat muntatu dute eta ‘Amaia DJ’ saioa zuzenean emititu dute. Santurtziko ikastolako umeek Enkore eta Korrontzi taldeen bideoklipak aurkeztu eta taldekideak elkarrizketatzeko aukera izan dute Amaiarekin batera, eta bai eurak eta bai musikariak hagitz gustura egon dira.

Kabi@ gunean, aldiz, mugikorren inguruko segurtasun tailerra izan dute goizean eta lehen aplikazio mugikorra ere egin dute gaztetxoek. Bisita egin diegunean, robotika tailerrean zebiltzan, programazio bisuala eta robotak uztartzen. Gainera, Orioko herri eskolako haur nagusienak txikienen irakasle izan dira.

Saguganbara , Ahotsenea, Irudienea, Areto Nagusia… Gune guztietan daude txikienentzako ekintzak eta irririk eta mugimendurik ez da falta Durangoko Azokan, jada ikasle aunitz etxerako bidean baldin badaude ere.