Urtzi Urrutikoetxea | 7K

Okzitaniako literaturara zubiak eraikitzen. Hain hurbil, hain ezezagun

Okzitaniako literaturaren izena mundu zabalean hedatuta dago. Erdi Aroko trobadoreak, Frederic Mistral proventzerazko idazle eta Nobel sariduna... aski famatu dute Mediterraneotik Atlantikora bitartean hedatzen den hizkuntzaren ospea. Baina ia beti exotismoak eta iraganak hartuta dator, XXI. mendera arte iritsi dela jakin gabe. Edo jakin nahi gabe, galdutakoaren mitoan gorde nahi balitz legez.

Mediterraneotik Atlantikoraino ia 200.000 km2-ko azaleran hedatzen den herrialdea da Okzitania. Irudian Languedoc eskualdeko herrixka. (Fanelie ROSIER)
Mediterraneotik Atlantikoraino ia 200.000 km2-ko azaleran hedatzen den herrialdea da Okzitania. Irudian Languedoc eskualdeko herrixka. (Fanelie ROSIER)

Egoera berezia du okzitanierak eta hizkuntza horretako literaturak. Sekula estaturik izan ez duten hizkuntzen eta nazioen artean, gutxik lortu dute halako ospe eta izenik. Literaturako Nobel saria daukan hizkuntza gutxitu bakarra da okzitaniera, 1904an eskuratu zuen Frederic Mistrali esker. Okzitaniar literatura bizirik da 110 urte beranduago: XX. mendea hondamendia izan arren hizkuntzarentzat. Jean-Frederic Brun PEN Lenga d’Oc taldeko lehendakariak dioenez, «duela 700 urtetik Okzitania Frantziako zati da, gehienek uste dute ez dela frantsesera usteldu barregarri bat baizik, erabat erauzi beharrekoa. Ahalegin eskerga egin dute horretarako azken bi mendeotan. Hala ere, hizkuntza bizirik da... eta idatzi egiten da».


1904an Frederic Mistralek jasotakoari esker, Liberaturako Nobel sari bat daukan hizkuntza gutxitu bakarra da okzitaniera. Irudian, Pertus herrian (Languedoc) idazlearen omenez aurten eraikitako oroigarria.

«Europa zibilizatuko lehen literatura-hizkuntza» deitu zion Mistralek proventzerari, betiere okzitanieraren eremu zabalagoa gogoan: «Eskuko bost hatzak ez dira berdinak» idatzi zuen, hizkuntzaren bost mintzaira nagusiak gogoan: proventzerarekin batera, Kataluniara eta Tolosaraino hedatzen zen languedocera («Proventzak kanta egiten du eta Languedoc-ek borroka»), Garona ibaitik Pirinioetan luze eta Atlantikoraino euskal substratuaren gainean sortu eta garatutako gaskoia, eta iparraldean Limousin eta Auverniako bi mintzairak.

Trobadoreak eta kataroak. Mistralek esan bezala, Erdi Aroaren iluntasunetik irteten lehenak okzitaniar trobadoreak izan ziren. Eragin handia izan zuten, lehenik auzo latinoetan (katalan edo italiar eremuetan) baina baita alemanezko edo ingelesezko sorkuntzan ere. Garaiko literaturaren ikerketa garrantzitsuenak italieraz eginak dira, eta ez frantsesez.

X. mendeko ‘Tomida Femina’, hamazazpi lerroko emagin-kantu bat, okzitanierazko lehen testua da. Mende bat beranduago, Gilen IX. Baskonia eta Akitaniako dukea jo izan da lehen trobadoretzat. Gaur egunera iritsi diren hamaika poemetan gordin mintzo da sexu-desirez. Ezra Poundek zioenez, «trobadoreetan modernoena da, bere garaikoa bezainbat da XX. mendekoa».

Haren osten, mundua txunditzen duen lirika eta maitasun-poesia garatu zuten koblakari haiek. Ia mundu osoa, hobe esan, Frantzian oraindik Hegoaldearekiko gutxiespen sarkastikoa nabari baita sarritan aro distiratsu horri buruz mintzatzerakoan. Maitasun gortesaua, sexualki eskuraezin den emakumea, sarritan inoren emaztea, batzuetan Andre Mariak gorpuztutako ideial bat. Ezin ahaztu emakumezko trobairitz asko ere dokumentatu direla. Jopu eta bufoien ahotik, laster egin zuen Akitaniatik Mediterraneorako bidea. Baina distirari hondamendia abaildu zitzaion aurki, eta Europa osoa txunditu zuen kultura hura konkista eta zapalkuntza ankerrenaren biktima izan zen. Elizaren ustelkeriaren aurrean kristau behartsuen zentzua aldarrikatzen zuten kataroen aurkako gurutzada Languedocera iritsi zen 1209an. Beziers-eko sarraskia Joseba Sarrionandiak jaso zuen ‘Ni ez naiz hemengoa’ lanean: «hiri barnean, kataroak, ‘garbiak’, giristino arruntekin nahas-mahas bizi dira. Historiak ez daki nork egin zuen galdea. Arrapostua, Citeux-eko abade nagusiak, Aita Sainduaren ordezkariak, Arnaud Amelric-ek eman zuen: ‘Hil itzazue guziok. Jainkoak bereiziko ditu bereak’». Languedocen konkistak Tolosa eta Okzitania Bartzelonatik eta Mediterraneotik urrundu, eta iparrera, Parisera begira jarri zituen. Nazio baten distira, iparralde arrotz baten Midi arlote bihurtu zen. Eta trobadore haiek, ordurako aski estimatzen zituzten Italiako eta Iberiar penintsuletako gorteetara joan ziren.

Trobadoreen urrezko aroa joanda, bestelako testuek aberastu zuten okzitanierazko literatura: prosazko lanek, erlijiosoek, antzerkiak... inprentak zabalkundea ekarri zuen, baina XV. mendetik iparraldeko oil hizkuntza (frantsesa) nagusitzen ari zen hegoaldeko hirietan, eta 1539an Villeres-Cotterets-eko (Pikardia) ordenantzak frantses arrunta inposatzen du testu legal eta juridikoetarako. Gaskoinian, Tolosan eta Proventzan ez da falta, hala ere, okzitanierazko literaturarik hurrengo ehun urteetan ere (Peir de Garros, Godolin, Rodili...). Okzitanieraren gainbeheran, antigoaleko ortografia utzi eta gero eta frantses kutsu handiagoz idazten da; bazterreko egileen hizkuntza da. Frantziako iraultzak errepublikanismo nazionalista inposatu eta patois-ak desagertu beharra sistematizatu egiten dute. Okzitaniako eskualde historikoak desagerrarazten dira, baina XIX. mendean iparraldean baino ez da frantsesa nagusi, eta okzitanieraz mintzo dira oraino 32 departamendu.

Mistral eta Felibritge. Frantsesak beste hizkuntza guztiak ezabatu behar omen zituen aroan, miraria gertatu zen. Frederic Mistral gazteak Josep Romanilha-rekin topo egin zuen, eta Proventza eta proventzera berrasmatzeari ekin zioten. Haiei biei beste bost lagun batu (Teodor Aubaneu, Joan Brunet, Anseume Matieu, Pau Giera eta Anfos Tavan), eta 1854an Felibritge elkartea sortu zuten. 160 urte beranduago, Okzitania osoan hedatzen den erakunde bakanetakoa da. Lehen buru edo capolier Mistral bera izan zen; beste hamahiru izan dira ordutik. Jaume Mouttet da 2006tik capolier.

Erromantizismoak berpizkundeak bultzatu zituen Alemanian, Italian, mundu zeltan, Euskal Herrira iristen ziren ikerleak... 1860an, Frantziako biztanleen erdiek baizik ez zekiten frantsesez, eta hamarretik lau okzitanieraz mintzatzen ziren. Proventzatik Languedoc eta Okzitania osora hedatu zen Felibritge, baita tarteka Kataluniara ere. Horrek ez zuen berehalakoan Frantziaren estatu-ideia monolitikoa hautsi; okzitaniar idazleek herrirako idazten zutela esanda ere, gutxiengo intelektual batek baizik ez zezakeen hizkuntza hura irakurri. Eta Parisek, 1870eko Prusiako gerra galdu arren, derrigorrezko frantses eskolan jarria zuen begia. Ezinbesteko urratsa zen, iraultzatik ia mende batera, Okzitania erabat frantsestu nahi bazuen.

1859an Frederic Mistralek bere bi lan nagusiak eman zituen argitara: okzitanieraren hiztegi erraldoia, eta ‘Mirèio’ poema-liburua (‘Mirèlha’, grafia klasikoan). Mistral gaztearen sona bazter guztietara hedatu zen, eta 1904an Literatur Nobel saria eskuratu zuen. Aro ilunenaren amaiera behar zuen hark, ekintzaile eta literaturgile talde baten garaipena. «Frederic Mistralek Nobel saria irabazi zuenean okzitanieraz idatziz, jendeak uste zuen okzitaniera mapan agertuko zela», zioen Bernardo Atxagak 2011n. XX. mendea ezin hobeto hasi zela zirudien okzitanierarentzat. Mistral bizirik eta erabateko aitortza lortuta, argitalpenak eta ikerkuntzak ugarituz joan ziren. Hizkuntza bizi-bizirik zen artean, irakurleak ugaritzen zihoazen eta kultura indar handia hartzen ari zen.

«Vergonha». Loraldiak eten bortitza izan zuen 1914an, ordea. Lau urtez, poetak Frantzia iparrean hil ziren, edo osasuna edo burua galdu zuten. Euskaraz bezala, baziren okzitanierazko argitalpenak eta kazetak frontean, okzitaniarren batailoien artean. I. Mundu Gerla amaituta, gauzak ez ziren lehenera itzuli. Marseilla, Tolosa, Bordele, okzitaniera hirietatik desagertzen hasi zen. Vergonha (lotsa) izan zen okzitaniera (edo euskara, edo bretoiera) ezabatzeko estrategia bortitz eta tamalez eraginkorrenetakoa: gizarteko arlo guztietan hizkuntzaren errepresio fisiko, legal, artistiko zein moralak haurrak gurasoen hizkuntzaz lotsaraztera eraman zituen. Ives Roquetak dioenez: «Lotsaz nago gorri: Okzitanieraz mintzatzen naiz». Edo Claudi Martik (okzitanierazko kantagintza berriaren ahots garrantzitsuenetakoa): «Ume guztien modura, eskolara joan nintzen/ Ume guztiei modura, irakurtzen irakatsi zidaten,/ (...) Baina zergatik ez zidaten esan nire hizkuntzaren izena eskolan?» ‘Vergonha’ artikulua hainbat hizkuntzatan aurki daiteke Wikipedian, euskaratik ingelesera, baina ez frantsesez.

Hego eta Ipar Euskal Herriak elkarri eragin zioten gisan, Okzitaniak ispilua aurkitu ohi zuen Katalunian. Louis Alibertek hizkuntzaren normalizazioari ekin zion Pompeu Fabra katalan hizkuntzalariaren eraginez. Trobadoreen garaiko arautegi klasikoa ekarri zuen, eta agerian jarri okzitanieraren batasun geografiko eta historikoa. Kataluniako berpizkundearen usainean, XXI. mendera arte iritsi den ‘Oc’ aldizkaria sortu zuten Tolosako Ismael Girard eta Camille Soula gazteek. Mistralen ostean gainbehera zebilen Felibritge proventzalaren astindu modernoa zen ‘Oc’.

Max Roquetaren ‘Secrèt de l’Èrba’ (Belarraren sekretua) eta ‘Los sòmis dau matin’ (Goizeko ametsak) lanek okzitaniera eraberritu zuten. Baina laino ilunak ageri ziren. Katalunia faxismoaren atzaparretan jausi zen eta II. Mundu Gerra piztu segidan. Okupazioan ‘Oc‘ aldizkariak bizirik iraun zuen, Girard, Roqueta eta Rene Nelli buru zirela, eta poeta berriak agertu ziren: Max Allier, Marcela Delpastre, Robert Lafont eta, ziur aski belaunaldiko esanguratsuena, Bernard Manciet Landesko gaskoia, besteak beste ‘Lo Dider de Guernica’ poema ederraren egilea. Luzien Etxezaharretak itzuli eta Maiatzek argitara eman zuen ‘Gernikaz erranak’ hura. II. Mundu Gerra amaituta, Institut d’Estudis Occitans (IEO) sortu zuen intelektual talde hark. Haietako askok Erresistentzian ibili izanak ematen zien autoritatea zekarten, Tristan Tzarak edo Robert Lafontek esaterako. Okzitanismo berriak eremu intelektuala eta aktibismoa uztartu zituen. 1945eko belaunaldiak ez daki okzitanierarik ia, frantses elebakar ari da bihurtzen Okzitania. Kondairak dioenez, okzitaniera zale batzuk autobusez Tarneko arroilaren gainetik zihoazela, Max Roquetak esan omen zion Bernard Mancieti: «autobusa arroilan behera erortzen bada, Okzitaniarenak egin du...».

Itxaropena eta etsipena. Baina okzitaniera ez zen hil. Roquetak, Mancietek, Lafontek, Jean Boudouk... ekoizpen oparoa izan zuten hurrengo hamarkadetan. Genero berriak esploratu zituzten, nobela beltza, zientzia-fikzioa, bidaia literatura eta abar. 60ko hamarkadak eta gazte belaunaldiak borroka antikolonialarekin lotu zuten okzitanieraren berpizkundea. Kantagintza berria agertu zen, eta hormak mintzatu ziren Parisek betiko desagerrarazi nahi zuen hizkuntzaren alde. ‘Poètas de la descolonizacion’ taldetik bideratu zen garrasia argia zen: ‘Occitania, un país que vòl viure’, gurean ere aldarrikatu zen ‘Herriak bizi nahi du’ haren pareko.

Okzitanieraren ohiko gorabeheren hurrengo urratsa, ustezko gailurra zirudiena, François Mitterranden garaipena izan zen 1981ean. Euskal departamenduarekin legez, etsipena laster iritsi zen, sozialisten gobernuaren hizkuntzekiko jarrera ikusita. Etsipena eta krisia baina, literatura sorkuntzarako abiapuntu egokiak izan daitezke. Gerrako belaunaldiko egile gehienak bizirik eta ekinean ziharduten, eta bazetozen idazle gazteak, Paristik inolako babesik izan gabe ere. 1979an lehen calandreta (ikastola) ireki zuten Pauen (gaur 50 baino gehiago dira). Belaunaldi berriaren hazia abian zen.

Horretarako, gerra osteko urte ilunetan sortutako taldeak –hizkuntza eskolan ikasi ez eta berreskuratu zuten haiek– tinko eutsi dio konpromisoari: Joan Peire-Tardiuk ‘Oc’ aldizkariaren ardura dauka, Sergi Javaloyesek Paueko Institutu Okzitanotik Euskal Herriko eta Pirinioetako beste kulturetara hurbiltzeko lan handia egin du, eta Montpellierreko Joan-Frederic Brunek PEN Lenga d’Oc-etik berriz ere nazioarteko dimentsioa eman dio okzitanierazko literaturari. 2008an taldea sortu eta 2011n PEN Internationaleko kide bihurtu zenetik mundu zabalera eraman du trobadoreek Europarako piztutako hizkuntza. «Lehen aldiz 700 urtean, Okzitaniako literatura ez du soilik literaturzale talde txiki batek irakurtzen, lanak estimatzen eta egileak ezagutu nahi dituen egiazko publiko batek baizik». 50eko hamarkadan jaiotako horiek aldamenean izan ditu idazle gazteak ere, hala nola Benedicta Bonnet, Xavier Bach edo, ziur aski azken hamarkadan gehien itzuli den poeta, Aurelia Lassaque. Haren ‘Lo temps s’est perdut’ ingelesezko edizio elebidunean ere eman zen argitara, eta Luzien Etxezaharretak ‘Maiatz’ aldizkarian ekarri zuen euskarara 2012an. Aurreko urtean, Harkaitz Canorekin batera jaso zuen Okzitaniako Haranetan (Italia) banatzen den Ostana saria.

Frantziatik kanpo, indartsuago. Okzitania Mediterraneotik Atlantikoraino ia 200 mila kilometro koadroko lurraldean hedatzen den herria da. Parisen politika jakobinoak hizkuntza ia itotzea lortu badu ere, egiaz okzitaniera Frantziako mugetatik kanpo ere hedatzen da, bi eremu txikitan. Italian ‘Valadas occitanas’ (Okzitaniako haranak) deritze Piemonten mugakide diren haran okzitaniera-hiztunei. Hizkuntzak atzera egin badu ere, biztanleen ia erdiak badakite oraindik okzitanieraz han eta Erromak Parisek baino legezko babes handiagoa ematen dio. Ondorioz, leku garrantzitsua bihurtu da literaturarako, PEN Lenga d’Oc taldeak esaterako, urtero bilkura egiten du han.

Italian legez, Espainiako estatuan ere bada Okzitaniako zati ñimiño bat. Zehazki, Kataluniako lurraldean. Aran ibarrak euskal izena du, eta gaskoia du berezko hizkuntza. Zortzi mila biztanle doi-doi, haran bakar bat, baina beste inon ez bezalako aitortza eta ofizialtasuna dauka Katalunian okzitaniar hizkuntzak eta nazioak. 2005eko estatutuak «okzitaniar errealitate nazional» deitzen zion, gerora nazio-aipamena kenarazi zuen arren Espainiak. Ibarreko biztanleen %89k ulertzen eta %62k hitz egiten dute aranera, eta bere txikian Frantziako 32 departamendutan bizi diren milioika okzitanoren eredu bihurtu da.

Mossen Josep Condo izan zen aranera literarioa baliatu zuen lehena, 1912ko Tolosako Lore Jokoak irabazi zituen, eta handik hiru urtera aranera hiztegia argitara eman zuen. Egun Mossen Condo izena darama Arango Kontseilu Nagusiak antolatzen duen literatura lehiaketak. Haren ostean, Pepita Caubet izan zen aurreko mendeko egile garrantzitsuena; diktadura ostean argitara emandako nobelei eta poemei esker. Azken urteotan egile berriak sustatu ditu Kontseilu Nagusiak; Institut d’Estudis Aranesos-eko buru eta egungo idazle garrantzitsuenetakoa den Jep de Montoya idazlearen gidaritzapean.

Euskal-gaskoi harreman luzea. Luzea da euskararen eta okzitanieraren, eta euskaldunen eta gaskoi hiztunen harremana. Baionatik Akamarre, Bidaxune eta handik Montorira, Euskal Herriko mugaldean ohikoa izan da gaskoiz mintzatzen jakitea, eta euskarak bere mugetatik kanpora egin duen leku bakanetakoa ere, Zuberoatik Bearno inguruko ibarretako bidea da. Merkataritzan eta egunerokoan egondako harreman hori ezin esan beti erraza izan denik, errezelorik ere ez da falta izan hizkuntzaren aldeko lanean, tamalez hizkuntza gutxituetan behin baino gehiagotan gertatu ohi denez (eta Katalunia eta Aran ibarra eredugarri dira horretan). Baina azken urteotan elkarlana gero eta estuagoa izan da, harik eta aurten Durangoko Azokako herri gonbidatua Okzitania izatera iritsi arte.

Xarnegu jaialdia da horren adibide. Aurten hamar urte bete ditu Bardoze inguruan bi kulturen arteko zubiak lantzen dituen ospakizunak. «Sharnego edo xarnegu kultura eta balioak berpiztean da gakoa», zioen okzitaniera ikasi duen Franck Dolosor kazetariak berriki ‘Ôc Bai’ artikuluan: «Gaskoiak eta euskaldunak gaizki moldatzen direla gezur hutsa da, galdetu bestenaz Bidarrai, Oragarre edo Landeseko tratulariei. Ací Gasconha elkartearen irrati emanaldia Gure Irratian aireratzen dute. Argi da elkarlana handitu behar dela bi aldeen onerako. Gaskoizaleak eta euskaltzaleak itsasontzi berean gabiltza». Angelun ere, A mots Ouverts festibalean gaskoi kantuak eta euskal bertsoak elkarrekin emateko saiakera izan da aurten.

Paueko Okzitaniako Institutuko Sergi Javaloyes, okzitaniera batua eratzeko asmoa zuen Aporloc elkarteko hainbat lagunekin batera izan zen Euskaltzaindia bisitatzen 2010ean. Haren ‘Reclams’ aldizkariak eta Maiatzek egin izan dute elkarlanik, eta Paueko ‘2Penents’ literatura jardunaldietan euskal idazleek parte hartu ohi dute urtero-urtero. Joxemari Carrerek hala idatzi zuen handik itzuleran: «Muga bat ala muga ugari, nolakoak diren baino, agian garrantzitsuena izango da horiek nola igaro. Hizkuntza minorizatuen literaturek elkar ezagutza dute, kontrabandisten gisa, mugak zeharkatzeko bidea».

Azken urteotan euskaldunongandik hurbilen den hizkuntza gutxituarekiko harremanak sendotu dira. Durangok ere jarriko du alerik bide horretan.