Xole ARAMENDI

Ahotsenea, sortzaileen plaza

Ahotseneak erabat aldatu du Azoka. Orduko eredua salerosketa hutsera mugatzen zela ikusita sorkuntzari egin zion lekua, eta urte gutxian izan duen erabateko arrakastak garbi erakusten du zegoen beharraren tamaina.

Ahotseneak hartu duen dimentsioa ez da nolanahikoa. Bertara hurbiltzen direnek 90 ekitaldi dituzte aukeran: 55 kontzertu -iaz baino 16 gehiago- eta 35 solasaldi.

Ordura arteko gabeziari erantzun nahian sortu zen Ahotsenea. «Duela 7-8 urte ohartu ginen Azokak eredu harekin jarraituz gero ez zeukala etorkizunik, salerosketa truke hutsa izanik ez zeukala gerorik. Ez zen gure iritzia bakarrik, bertara zetozen diskoetxe eta argitaletxe bat baino gehiagoren iritzia zen. Sortzaile batzuk hasi ginen hausnarketa egiten, argitaletxe eta diskoetxe batzuetakoekin batera, baita herri mugimenduetan eta kulturgintzan ari ziren beste pertsona batzuekin ere. Ikusi genuen guk beste zerbait proposatu behar geniola euskaldunari. Euskararen aldeko sorkuntzaren aldeko apustua egitea erabaki genuen. Izan ere, liburu eta diskoa ez zen hainbat gauza sartzen ari zen -elastikoak, mapak...-, espainolezko produktuek gero eta garrantzi handiagoa zuten eta horrek gain hartua zion euskarazko sorkuntzari», azaldu digu Gotzon Barandiaranek.

Sortzailearen eta zalearen artean standak ematen zuen hartu-emana baino zerbait gehiago eskaini behar zuen. «Horrek eraman gintuen musikan zuzeneko emanaldiak eta literaturari dagokionez solasaldiak antolatzera», esan du.

Arrakastaren gakoaz galdetuta, garbi dio: «Geuk antolatu dugu geure burua geure beharrizanetara». «Kezka batetik abiatu ginen, ez zen izan etekin ekonomikoak bultzatutako egitasmoa. `Euskal sortzaileok gero eta leku gutxiago dugu hemen, sorkuntzak gero eta presentzia handiagoa dauka, euskal kultura hau baino askoz gehiago da eta horixe da erakutsi behar duguna', pentsatu genuen», kontatu du.

Hasieratik erabatekoa izan zen sortzaileen inplikazioa. «Lehenengo urtean Landako eraikinean -alboan dagoen elkartegiko gela txikian- hainbat musikari eta idazlek bat egin zuten. 30etik gora elkartu ginen, eta nahiko esanguratsuak asko», gogoratu du. Baita hartzaileen erantzuna ere.

Eta handik bizpahiru urtera harrera erabatekoa izan zen. «Ez nuen espero hain denbora gutxian hainbesteko erantzuna izatea», aitortu du. Bere esanetan, «nahiz eta ordu erdiko saioa izan sortzaileek badakite horrenbeste entzule ez dituztela edukiko urtean zehar. Eta zaleek erakutsi dute emanez gero hartzeko prest daudela. Badaukala gosea ezagutzeko ze literatura eta ze musika egiten ari garen».

Betetako ametsa

Ametsa bete da. Baina ez da horrekin konformatu zale. «Gehiago nahi izan behar dugu. Ezin gara lozorroan geratu. Guk daukagun gabezia da euskaldunok ez dugula euskal kultura ezagutzen eta babesten. Hori da gure erronkarik nagusiena».

Irudienea, Eskenatokia, Kabia... Ahotsenearen atzetik etorri dira. «Durangok euskal kulturaren plaza izan behar zuela ikusten genuen, baina oraindik falta da: arte plastikoak, dantza, bertsolaritza... beste adierazpide batzuk. Baina badago tartea oraindik ere, betiere, sortzaileona bada ekimena».

Jarrera aldaketa nabarmendu du. «Kultur sortzaileen aldetik pentsatu izan da `nik sortzen dut eta gero etor daitezela entzutera'. Antola diezazkidatela beste batzuek kontzertuak, ze nire lana sortzea da'. Bai, hori egoera ideal batean hala izango da, baina ez da hori Euskal Herriak bizi duen egoera. Ikusi besterik ez dago autoekoiztutako diskoak direla argitaletxeen bidez argitaratzen direnak baino gehiago. Sortzaileok bultzatu dugu kultura sistema bezala ulertzera. Behar ditugu zaleak, antolatzaileak, kazetariak, irakasleak, hezkuntza, erakundeak... eta alderantziz ere bai. Denok dugu denon beharra eta bide horretan ari gara. Jarrera aldaketa inportantea da. Eta denon artean egin behar dugu».

Garbi dio: «Egin dugun saltoak ez du atzera bueltarik. Ezin gara atzera erakusketa eredura itzuli. Batek baino gehiagok esan dit ez duela Azoka ulertzen Ahotsenea gabe. Edo berdin Irudienean edo Saguganbaran... Hobekuntzak beti egin daitezke azpiegiturari dagokionez, baina hezurdura, mamia, funtsezkoena, egina dago. Datorren guztia hobetzeko baino ez da izango».

Aurten 9o aurkezpen daude lau egunetan. «Ikaragarria da! Asko konturatzen gara horretaz, baina beste asko ez dira jabetzen. Argi dagoena da badaudela interes batzuk honek gehiagora egin ez dezan. Ez da normala udalak horrelako emari bati etekin gehiago ez ateratzea. Azpiegituran ez du inbertsiorik egin, ez dago ganorazko aparkalekurik...».

Lutxo Egiak hartu dio aurten lekukoa Barandiarani. Bera arduratu da Ahotseneako egitarau oparoa prestatzeaz. Ez da lan makala musikari eta idazle denak koordinatzea. Arlo teknikoaren garrantzia nabarmendu du Egiak. «Ekipo teknikoak lan ikaragarria egiten du banan-banan eskaera denei erantzuten».

Berrikuntzekin dator aurten Ahotsenea. Ahalik eta eskaera gehienei erantzuna eman nahian -izen-ematea ireki eta lehenengo egunean bete zen- bi karpa (Ipar eta Hego) egokitu dituzte zuzeneko musika emanaldietarako. Bi karpa izateak kontzertuak ordu erdikoak izatea ahalbidetu du.

Beste karpan solasaldiak, errezitaldiak eta performanceak egiten dira. «Hasieran itxaron zerrendan geratu ziren musika talde eta idazleei toki egiten saiatu gara», dio.

Sortzaile denen artean jositako amarauna da Ahotsenea. «Euskal Herrian desabantailak ditugu. Horietako bat da hizkuntza minorizatuan ari garela. Baina baditugu abantailak, sortzaileen eta zaleen arteko harremana gaztelerazko sareetan baino hurbilagokoa da kasu askotan. Ondorioz, zuk zeuk ere zure aukerak landu ditzakezu zuk egiten duzuna zabaltzeko. Eta sortzaile bakoitza bere kabuz aritu ordez sortzaile guztiek ehundutako sarea edo amarauna da Ahotsenea».

Barandiaranekin bat dator Egia: «Dagoeneko ezin dugu eredu hau gabe Azoka irudikatu».