Ariane KAMIO DURANGO

Elefante bat korridorean; gailendu eta ez ikusi

«Ongi etorri Gogoeten Saunara». Bernardo Atxaga eta Anari Alberdi. Bi izen handi, eta aretoa txiki. Hizkuntza, kanta, idatz eta heda; hautuaren, erabakiaren hondoa berriro mahai gainean. Bi erreferentzia, Gabriel Aresti eta Ruper Ordorika. Garai desberdinak, baina inguruak, kontestuak, garaian garaikoak baldintzatutakoak biak.

«Ongi etorri Gogoeten Saunara». Bernardo Atxaga eta Anari Alberdi. Bi izen handi, eta aretoa txiki. Hizkuntza, kanta, idatz eta heda; hautuaren, erabakiaren hondoa berriro mahai gainean. Bi erreferentzia, Gabriel Aresti eta Ruper Ordorika. Garai desberdinak, baina inguruak, kontestuak, garaian garaikoak baldintzatutakoak biak.

Deustura Ekonomia ikasketak egitera joandakoan heldu zen erabakitze puntura Atxaga. Izatez euskalduna izanik ere, ez zuen erreferentziarik euskarazko sorkuntzan, are gutxiago literaturan. Arestiren hitzaldiek irauli zuten bere barne ingurua. Hanpatua zen euskara, puruaren zentzuari lotutakoa, lurreratu zuen, zikinarazi, eta hartara, gehiago hedatu. «Ordura arte ez nintzen euskaldun idazle soziala», adierazi zuen idazleak.

36ko Gerrak euskal kultura zartatu zuen bezala, 65eko iraultza kulturalak apurtutakoa gailenera eraman zuela iritzi zion. «Euskaraz egiten denak nagusitasuna du», nahiz eta batzuetan, elefantea korridorean jarrita ere, askok ez duten ezer ikusten.

90eko hamarkadaraino joan behar da Anari Alberdiren hastapenetan bila hasteko. Azkoitiarra jaiotzez, euskara izan du ama hizkuntza, ama erdal hiztun nafarra izan badu ere. Euskarazkoa da ere bere hautua, nahiz eta aitortzen duen hasiera hartan oso arraroa zela norbait euskaraz kantuan aritzea. «Azkoitira gazteleraz egiten zuen zirkuitu oso bat iristen zen. Haiek ziren gure erreferentzia», esan zuen. Iparrorratz hura aldatu zuen arte. Ruper Ordorika eta «ni puta bat naiz» («Berandu dabiltza»). Esaldi hark izan zuen eragina beregan, une erabakigarrienetakoa izateraino.

«Xelebrea» zen non eta Azkoitian, «euskara besterik entzuten ez den tokian», kantari euskalduna izatea -«garai hartan euskaraz soilik trikitilari eta berbeneroek egiten zuten»-. Baina kontrako norabidea ere ezagutu zuen. Irunen, euskara hiztun neurriak behera egiten duen herrian, Muguruzarekin ikasi zuen ibaian gora, gazteleratik euskarara eta guztia euskaraz egiten zuenik ere bazela.

Atzerria norbanakoak etxeko atea gurutzatzen duenean hasten omen da, halaxe aitortu zuen Anarik elkarrizketa batean. Lekuak leku, euskal kantarien artean toki propioa du bederen.