Ariane KAMIO DURANGO

Nola kanta, nola xirula, nola kanta... Euskara & Muguruza

Azokako lurrikararen erdi-erdian, etenaldia. Isilunea, hitzak eta gogoetak. Kulturaren bueltan, hizkuntzari heldu zioten atzo Durangok estreinatu berri duen plazan Fermin Muguruzak, Anari Alberdik eta Bernardo Atxagak. Ez dira denak belaunaldi berekoak eta nork bere bidean testuinguruari atxikita hartu ditu erabakiak. Sakon joan zen eguna.

Euskara, nola kanta? Fermin Muguruzak abiatu zuen atzo Durangoko Azokako Gogoetaren Plaza. Alderik polifazetikoena erakutsi zuen irundarrak; aktiboena, mugikorrena. Kortaturen garaitik, Negu Gorriak eta ondoren etorri diren hamaika proiektu. Musikaz gain, dokumentalak eta azken nazioarteko bira, «No More Tour», 50 urte betetzearekin batera bere bandarekin egin zuen munduaren itzulia.

Musikak bizirik mantentzen du, «bizitza eman diezazuke» aitortu zuen. Askotan irten da bere ahotik; kantatzen duen herri bat ez da inoiz hilko. Eta gatazkan bizi diren herri askotan esaldi horrek duen garrantziaz kontziente izan da. Zentsurapean eta euskal kulturaren aurka egindakoen itzalpean bizi izan zituen bere ibilbideko lehenengo urteak, «eta horrek indarra ematen zigun».

80ko hamarkadan kokatu zen. Kortaturen garaia. «Errepertorioaren %90 gazteleraz egiten genuen», aitortu zuen. Baina kontestuak harrapatuta bizi ziren garai hartan. Hautu politikoa egin zuten, ez beraiek soilik, baita beste talde askok ere. «Kendu ziguten hizkuntza, eta nortasuna berreskuratu nahi genuen», esan zuen.

Joseba Sarrionandiaren eta Iñaki Pikabearen ihesa. Uztailaren 7a, Iruñea sanferminen burrunban. AEKn ikastaro intentsiboa egiten ari zen orduan Muguruza -«gaztelera menperatzen nuen bezala hitz egin nahi nuen euskaraz ere»-. «Sarri, sarri» kantuak buelta eman dio munduari; bere ibilbideko bertsionatuenen artean dago gainera. Baina Muguruza hura euskara menperatzetik urrun zegoen oraindik. Euskaltegiko irakasleari galdetu zion orduan: «¿Cómo se dice que hay un marchón de la hostia?». Eta irakasle hark eman zion ondoren mitiko, historiko, kantatu eta berkantatua izan den abesti-leloaren lerro nagusienetakoa. «Kriston martxa dabil».

Martxak, kaleko giroak, euskararen aldeko mugimendu osasuntsuak «atrapatu» zuen Muguruza. «Argia» aldizkariaren bueltan jarri eta «haien lagun egin nintzen». Ez zen bakarra izan, «hautu politiko, kontziente hura» abian jarri zuen.

Bere hitzetan nabaritzen da Muguruzak helarazten duen segurtasuna. Mosku auzoan jaiotako erdaldunak ez du euskaldunaren konplexurik. Berea egin eta aurrera eta aurrera egiteko borondate finkoa du musikari, kulturgile, kantari, eragile, dokumentalgile... eta dena delako pertsonaiak.

Mexikon jo du, Japonian izan da, Los Angelesen, Buenos Aires eta Txileko Santiagon, Donostian, Parisen, Berlinen... Alferrikakoa da eman dituen kontzertuen tokien zerrenda bat egiten hastea. 30 urteko ibilbidean zapaldutako oholtza guztiez nekez akordatuko litzateke Muguruza bera ere.

Euskarazko taldeek nazioarteko azokan izan dezaketen hedapenaz jardun zuen. Berak argi du. «Zenbat talde ezagutzen ditugu frantsesez abesten dutenak? Bat, bi. Alemanez? Bat, Ramstein. Italieraz? Bat, Banda Bassotti. Afrikakoak ezagutzen ditugu? Ez. Kanadako taldeak? Ez. Ezagutzen dugu munduan ze ostia gertatzen den? Hori da jakin behar dugun lehenengo gauza», azpimarratu zuen.

Bi esparru dira banatu beharrekoak: multinazionalen bidea, eta independenteena. «Zirkuitu independentetik erabaki dugu hautu politikoz independentzia jorratzea, eta hori da munduko potenteena. Itoizek ezetz esan zion multinazionalari eta Negu Gorriakek ere ezetz esan zion», gogoratu zuen. Amaitzeko: «Beti lerro independentean kokatu gara eta munduan zirkuitu independentean mugitzen diren taldeen bide berean joan naiz ni ere». Eta frogak baditu, bere ibilbidea ikustea besterik ez dago-eta.